Donostiako futbol partida batean adin txikiko jokalari batek jasandako irain arrazistak salatu dituzte
Arrupe Chaminade S.A.N.S.E. talde donostiarrak salatu du bere kadeteen taldeko 15 urteko jokalari batek irain arrazistak jasan zituela joan den astean Herrerako Sportingen aurka jokatutako partidan. S.A.N.S.E.-ko jokalariek joan den larunbateko Realeko kadeteen aurkako norgehiagoka hasi aurretik lurrean belaunaldikatuz salatu zuten gertatutakoa, AEBetan George Floyd hiritar afroamerikarraren hilketa salatzeko egin zuten moduan. Realeko jokalariek babesa helarazi zieten, eta eurekin batera belaunikatu ziren.
Era berean, Gipuzkoako Futbol Federazioak irain arrazistak gaitzetsi ditu, eta gertatutakoa argitzeko ezohiko espediente bat ireki du. Horrez gain, klubek arrazismoarekin bukatzeko egiten duten lana eskertu du, eta bide horretatik jarraitzera animatu ditu.
Mundo Deportivo hedabideak argitaratu duen informazioaren arabera, partida ikusten ari ziren “gazte talde batek” egin zituen irain arrazistak. Iraindutako jokalariak entzun egin zituen, baina jokatzen jarraitu zuen. Era berean, kirol hedabideak azaldu du Herrerako Sportingek S.A.N.S.E.-ri helarazi diola gertatutako gaitzesten duela, eta jokalaria iraindu zuten gazteak identifikatzen eta neurriak hartzen saiatuko dela.