Xabier Anduaga tenor donostiarrak Opera Awards sari bat eskuratu du
Astelehenean International Opera Awards sarien ekitaldia egin zuten Londresen, eta Xabier Anduaga (1995) tenor donostiarra eta Vasilisa Berzhanskaia (1993) mezzo-soprano errusiarra abeslari berri onenak izendatu zituen Opera aldizkariak.
Donostiako Orfeoian hamabost urterekin hasi zen bakarlari gisa. Musikene Euskal Herriko goi mailako ikastegian egin zituen musika ikasketak, eta Elena Barbe sopranoarekin kantukoak. Ondoren, beste interprete hauekin ere jardun zuen: Alberto Zedda, Ana Luisa Chova, Ernesto Palacio eta Juan Diego Florez, besteak beste. Hain zuzen ere, Zedda maisuak 2016an Italiako Pesaroko Accademia Rossinianan parte hartzeko aukeratu zuen Anduaga, eta Gioacchino Rossiniren Il Viaggio a Reims (Reimsera egindako bidaia) opera kantatuz egin zuen debuta.
Gaur egun, Madrilgo Errege Antzokian entseatzen ari da Anduaga, Gaetano Donizettiren Viva la mamma opera egingo baitute ekainaren 2tik 31ra bitartean, hamaika funtziotan.