Groseko saltokietan erosten dutenek doan aparkatu ahalko dute ordu erdiz
Groseko saltokietan erosten duten herritarrek ordu erdiz doan aparkatu ahalko dute Katalunia plazako aparkalekuan. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko dGros elkarteak abiatu du egitasmoa, Empark enpresarekin, Katalunia plazako aparkalekuko enpresa kudeatzailearekin elkarlanean.
Auzoko 130 merkataritza establezimendu daude dGros elkartearen barruan, eta horietako edozeinetan eskatu ahalko dira ordu erdiz doaz aparkatzeko txartelak, erosketak egin ondoren. Elkartearen arabera, auzoan erosketak egitea sustatzeko helburuarekin abiatu dute kanpaina, udalerrien arteko mugikortasuna ahalbidetu dutela aprobetxatuz.
Ez da halako kanpaina bat egiten duten lehenengo aldia, Emparkek eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioak 2014an abiatu baitzuten lankidetza, eta doan aparkatzeko 11.000 txartel banatu dituzte ordutik.