M-15ak hamar urte beteko ditu larunbatean
Larunbatean, maiatzaren 15ean, hamar urte beteko dira M-15ak, haserretuen mugimenduak, Espainiako Estatu osoko plazak hartu zituenetik, aldaketa politiko baten alde. Estatuko bipartidismo politikoarekin eta ustelkeria kasuekin nekatuta, Donostian, Bulebarreko kioskoa hartu zuten herritarrek, eta hilabete pasa zuten han. Belaunaldi gazteenentzako, euren bizitzetako gizarte mobilizaziorik handiena izan zen, eta estatuko egoera politikoa aldatu egin zen M-15etik aurrera, bai Podemos –Hego Euskal Herrian, Ahal Dugu– alderdiaren sorrerarengatik, eta bai hein batean politika egiteko modua aldatu egin zelako. Hamargarren urteurrenaren bueltan, mugimendua Donostian nolakoa izan zen gogoratu dugu, Felix Arrieta politologoarekin, Nagua Alba Ahal Duguko kidearekin eta garai hartan EH Bilduko Donostiako alkatearekin, Juan Karlos Izagirrerekin, hitz eginda.
Arrietak mugimenduaren aurrekariak azaldu ditu: “2008ko krisiak agerian utzi zuen [Jose Luis] Zapateroren gobernuak, ustez sozialdemokraziaren alde egiten zuenak, krisiari aurre egiteko, Europako alderdi kontserbadoreek hartutako neurri berak hartzen zituela. Alderdi sozialdemokratak eta alderdi kontsebadoreak neurri berak hartzen bazituzten, zein zen beste aukera? Ez zegoen alternatiba argi bat, eta hori bilatu nahian sortu zen M-15a”. Horrez gain, M-15arekin, egoera politikoa eta gizartea bera aldatu egin zirela deritzo: “M-15etik hona, gizartea asko aldatu da gardentasuna exijitzeari eta ustelkeria salatzeari dagokionez; politika egiteko garaian, beste estandar batzuk ezarri dira gizartean. Esaterako, ez dut esango borboiak [Juan Carlos I.ak Espainiako errege emerituak] M-15arengatik abdikatu zuenik, baina bai politika egiteko modua aldatu egin zelako, eta bere bizitzeko estiloa dagoeneko ez zelako onargarria”.
Albak Donostiako kanpaldian parte hartu zuela kontatu du, eta garai hartan sentitzen zuena deskribatu du: “Mundua aldatu genezakeela sentitzen nuen, eta sentimendu hori nagusitu egin zen mugimenduan”. Era berean, kanpaldiko batzarretan zegoen giroa azaldu du: “Batzarrak oso zabalak ziren, eta mota askotako jendea zegoen; bakoitzak bere ekarpenak egiten zituen. Gainera, herritar askoren babesa genuen. Bitxikeria gisa, gogoratzen dut egun batean Bulebarreko tabernak itxi zituztenean, sobran zituzten pintxoak ekarri zizkigutela, kanpaldian afaltzeko”.
Izagirrek, ezker abertzalearen moduan, ez zuen erabat bat egin M-15arekin, baina batzar batzuetan parte hartu zuela kontatu du: “Bulebarreko batzar batzuetan parte hartu nuen, mugimendua naturaltasunez ikusten baikenuen”. Hala ere, gaineratu du “M-15aren gizarte antolakuntza hori Euskal Herrian existitzen” zela dagoeneko. Alkate gisa, kanpaldiarekin arazorik izan ez zuela nabarmendu du: “Oposizioaren eskaera bat genuen mahai gainean, jende hori Bulebarretik ateratzeko. Guk, ordea, esaten genien hor egotea adierazpen askatasuna zela, eta jarrera txarrik izaten ez bazuten, guk ez genuela arazorik kanpaldiarekin”.
Bestalde, herritarren ikuspuntua ere jaso du hedabide honek, eta, alde batetik, Jon Agirre Such donostiarra elkarrizketatu du. M-15aren hasieran, Madrilen zegoen Agirre, eta Democracia Real Ya plataformaren bozeramailea zen. Mugimendua nola bizi izan zuen kontatu du, eta bere bizitzan “oso garrantzitsua” izan zela nabarmendu du.
Era berean, Donostiako kanpaldian ibilitako lau herritar ere elkarrizketatu ditu IRUTXULOKO HITZAk, eta kanpaldian bizitako esperientzia kontatu dute, baita M-15ak gizartean utzitako ondorioei buruz hausnartu ere. M-15ari buruzko eduki guztiak ostiralean argitaratuko dira, IRUTXULOKO HITZAren paperezko astekarian eta Irutxulo.hitza.eus webgunean.
Ordura arte, haserretuen mugimendua hirian nolakoa izan zen gogoratu nahi baduzu, hemen duzu bideo bat: