Kontxako kabinetan metroko lanek eragindako zuloa hormigoiarekin estaltzen jarraitzen dute

Euskal Trenbide Sareak (ETS) lanean jarraitzen du metroko lanek Kontxako hondartzako kabinen azpian azalduriko zuloa estaltzeko. Pasa den ostiralean aurkitu zuten zuloa ikuskapen bat egiten ari zirela, eta ETSk ohar bidez adierazi zuen egunean bertan estaliko zutela. Ordea, ez da horrela izan. ETSk hedabide honi adierazi dio zuloa estaltzeko prozesua hiru fasetan egiten ari direla hormigoia behar bezala lehortu eta sendotzeko. Astelehenean hasi ziren hormigoia botatzen, astelehenean jarraitu zuten, eta gaur bukatuko dute.
EH Bildu udal taldeak jakinarazi du makinak Kontxako kabinen eremura itzuli direla. Zubieta kaleko bizilagunek ohartarazi diete, eta hara joan dira zinegotziak. Han jakin dute kabinen forjatuaren azpiko zuloan lanean jarraitzen zutela, Zaragoza plazaren parean. “Zuloak kabinen egiturari eragin dio. Langileek egun batzuk daramatzate eremua aseguratzen, zuloa enkofratu dute eta gaur morteroz betetzen ari dira. Gaur 30-50 bat metro kubiko botatzen ari dira, joan den ostiralean bota ziren beste 102 metro kubikori gehitu beharrekoak”, azaldu du udal taldeak ohar bidez.
Kabinak itxita, txosten baten zain
Udaleko iturrien arabera, Kontxako kabinek itxita jarraituko dute zuloa estaltzeko lanak bukatu eta egonkortu arte. Une honetan, udala txosten baten zain dago kabinekin zer egin erabakitzeko.