San Joan bezperako erakunde ekitaldiak eta auzoetako suak bertan behera utzi ditu Donostiako Udalak
Ekainaren 23a gerturatzen ari da, eta Donostia Festak adierazi du aurtengo erakunde ekitaldiak bertan behera utzi dituztela. Konstituzio plazako eskun dantza, esaterako, ez da egingo aurten. Bestalde, auzoetan egin ohi diren suak ere ez dituzte baimenduko, joan den urtean egin zen moduan.
Erabaki hau egungo osasun egoera dela eta hartu dute, “gizartearen ongizatea eta erakundearen ardura kontuan hartuta”, nahiz eta joan den igandean alarma egoera amaitu. “Uste dugu erabaki zentzuduna dela, bai inguruko herriekin eta baita osasun egoerarekin ere. Izan ere, inguruko herri guztietan bertan behera utzi dituzte, eta herri horietako batzuetan, Hernanin esaterako, jai nagusiak dira San Joanak”, adierazi du udalak.
Joan den urtean ere auzoetako suak eta ekitaldi jendetsuak bertan behera geratu ziren, baina Konstituzio plaza itxi egin zuten erakunde ekitaldi bat egiteko.