13/13 epaiketa handian epaituko dituzten Egiako bizilagunei babesa eta elkartasuna adierazteko lau lantalde sortuko dituzte auzoan
Espainiako Auzitegi Nazionalean egiteke zegoen azken epaiketa handia, 13/13 kasua, uztailaren 12an egingo dute, eta euskal presoekin bitartekari lanak egin izan dituzten zortzi euskal herritar epaituko dituzte, tartean lau donostiar. Arantzazu Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi dira epaituko dituzten zortziak, eta Sarriegi, Enparantza, Redondo eta Jauregi dira donostiarrak. Horietako bi, Redondo eta Jauregi, Egiakoak dira, eta auzoko hainbat bizilagunek auzo batzarra egin zuten joan den ostiralean, bi auzipetuei babesa adierazteko.
Horrela, Redondori eta Jauregiri “babesa eta elkartasuna adierazteko” eta “epaiketa honen zentzugabetasuna salatzeko”, lau lantalde osatuko dituzte auzoan: lantalde ekonomikoa, komunikazioa eta propaganda eramango duela, Elkartasun Eguna antolatuko duena eta atxikimenduak lortuko dituena. Ostiraleko batzarrean egon zirenek dagoeneko eman zuten izena lantaldeetan, baina gainontzeko auzotarrek ere parte hartu dezakete, sortu duten galdetegia betez.