Abian da Donostiako bederatzigarren Zine Sozial eta Kultura Askeko Zinemaldia
Campo Creativo Cero elkarteak antolatuta, gaur hasiko da Donostiako bederatzigarren Zine Sozial eta Kultura Askeko Zinemaldia. Creative Commons egile lizentzia askeko filmak proiektatzen dituzte soilik, kultura askea sustatzeko helburuarekin. IX. jaialdia gaur, hilak 17, hasiko da, eta 19an, 20an eta 24an egingo dituzte beste saioak; denak Koldo Mitxelenan.
Film laburrak zein luzeak proiektatuko dituzte, hiru sailetan banatuta: Etxetiarrak, Gobernuz Kanpoko Erakundeek sortutakoak eta Sail Ofiziala. Proiekzioetara joan ahal izateko, jaialdiaren webgunean izena eman behar da. Jaialdian parte hartuko duten film gehienak Euskal Herrian ekoiztutakoak dira, hala nola, Tolotrans: Joan etorrizko bidai bat (Oihana Ozcariz Colla, 2020), Joaile (Egoitz Albizu, 2018), Rab’Inal Achí (Mercedes del Ama, Uxue Botas eta Nerea Elorza, 2020), Voy a pedir un deseo (Lucia Perez Prat, 2020) eta E.M. Nire bizitzako lasterketa (Alejandro Cadenas, 2020). Azken hori, Behobia-Donostia lasterketari buruzkoa da.
Zinemaldiko egitarau osoa jaialdiaren webgunean kontsultatu daiteke, film guztien sinopsiekin eta hainbat daturekin batera.