Dominak Llopis eta Zudaire igerilari donostiarrentzat, Europako Txapelketako lehen jardunaldian
Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilari donostiarrak Egokitutako Europako Txapelketa jokatzera joan ziren Portugalgo Madeira irlara, eta lehen jardunaldian domina bana eskuratu dute, zilarrezkoa Zudairek, eta brontzekoa Llopisek. Tximeleta estiloko 400 metroko S8 kategorian hartu zuten parte biek. Iñigo Llopis izan zen bietatik lehena irteten, eta hirugarren geratu zen; Andrei Nikolaev errusiarra izan zen lehen, eta Alberto Amodeo italiarra bigarren.
Llopisen ostean, Nahia Zudaireren txanda iritsi zen, eta zilarrezko domina eskuratu zuen, Xenia Francesca Palazzio italiarraren atzetik. Nahia Zudaireren lehenengo domina da Europako Txapelketa batean, eta 17 urterekin, Espainiako errekorra egin du Zubietako igerilariak.
Iñigo Llopis jada Tokioko Jokoetarako sailkatuta dago, eta Nahia Zudairek, atzoko emaitzari esker, Tokiora joateko gutxieneko B denbora lortu du, eta gutxiengo A markarekin bete gabe geratzen diren plazen arabera egongo da uda honetan Japonian.
Atzo hasi zen Europako Txapelketa Portugalgo Madeira irlan, eta maiatzaren 22an amaituko da.