Donostia, gutxien birziklatzen den Gipuzkoako udalerria
Birziklapenaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak protesta egin du Donostiako Udaletxearen parean goizean, gutxien birziklatzen den Gipuzkoako udalerria dela salatzeko. Urteak daramatza Donostiak Gipuzkoan gutxien birziklatzen den udalerria izaten, baita biztanleko zabor gehien sortzen duen udalerria izaten ere.
Hainbat elkarte, alderdi politiko eta sindikatu batu dira deialdira, esaterako: EH Bildu, Alternatiba, ELA, LAB eta ESK.
Birziklapenaren egoera datuetan
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020ko ekainean argitaratutako datuen arabera, Donostian 2019. urtean hondakinen %42a bakarrik birziklatu zen. Bestalde, biztanleko 288 kilo hondakin sortu ziren, eta Gipuzkoako bataz bestekoa 186 kilokoa izan zen, 100 kilo baino gehiagoko ezberdintasuna. Pertsonako 31 kilo hondakin organiko jaso ziren 2019an, eta Gipuzkoan 77 kilo izan ziren: bikoitza baino gehiago. Errefusaren edukiontzietan, bestalde, pertsonako 100 kilo hondakin organiko baino gehiago bota ziren 2019an. 2015 eta 2019 urteen artean, jasotako hondakin organikoen kantitatea %40 handitu zen Gipuzkoan, eta Donostian %6. Azkenik, Donostian errefusaren edukiontzietan bota ziren hondakinen %80a birziklagarriak zirela diote aldundiaren datuek.