Donostiako Atletikok ez du lehen mailara igotzea lortu
Donostiako Atletikok Jolaseta Hockeyren aurka jokatu zuen atzo Aieten; play outeko hirugarren partida zen, datorren denboraldian lehen mailan zein arituko den erabakitzeko. Azkenean, Jolasetak 0-3 irabazi zuen, eta lehen mailan mantendu dira bizkaitarrak. Donostiako Atletiko beste urtebetez arituko da bigarren mailan datorren urtean.
Futbolean, Realeko neskek Rayo Vallecanoren aurka jokatu zuten Madrilen, eta 1-2 irabazi zuten donostiarrek. Amaiur Sarriegik egin zuen lehen gola 30. minutuan, eta madrildarrek partida berdintzea lortu zuten 70. minutuan, Isadora Freitasen gol bati esker. Partida amaitzeko sei minuturen faltan, Nahikari Garciak txuri-urdinen bigarren gola egin zuen, eta hiru puntuak poltsikoratzea lortu zuten Natalia Arroyoren jokalariek. Emaitza honi esker, laugarren postuan tinko jarraitzen du Realak, baina hirugarren postua eskuratzea ia ezinezkoa dute txuri-urdinek, Levante baitago bertan, bederatzi puntu gehiagorekin; bost partida geratzen zaizkie donostiarrei liga amaitzeko.
Realeko mutilek 4-1eko markagailuarekin menderatu zuten Valladolid Anoetan; oso indartsu atera ziren txuri-urdinak, eta lehen hamasei minututan 2-0 jarri ziren aurretik, Alexander Isaken bi goli esker. Golen bila jarraitu zuten Imanol Alguacilen jokalariek, eta beste bi gol egitea lortu zuten lehen zatian; David Silvak egin zuen hirugarrena 28. minutuan, eta Adnan Januzajek laugarrena, 35.ean. Bigarren zatian, partida eskuan zutenez, lasaiago atera ziren Realeko jokalariak, eta Valladolidek azken gola egin zuen, Marcos Andreri esker. Liga amaitzeko partida bakarra geratzen zaio Realari, eta datorren urtean Europa Liga jokatu nahi badu, irabazi egin beharko du. Izan ere, oso gertu ditu atzetik Vila-real eta Betis, Realak baino puntu bat gutxiago baitute bi taldeek.
Eskubaloian, Bera Berak Rocasaren aurka jokatu zuen Kanariar Uharteetan, eta 21-28 irabazi zuten donostiarrek. Bera Berak liga irabazi zuen maiatzaren 8an, eta hurrengo helburu nagusia Erreginaren Kopa dute. Maiatzaren 21ean jokatuko dute Erreginaren Kopako hurrengo kanporaketa, Malagaren aurka, eta partida galdu ezkero, txapelketatik kanpo geratuko dira.