Orixe Ikastolaren 50. urteurreneko liburua eskatzeko epea hilaren 27an bukatuko da
Parte Zaharreko Orixe Ikastolak mende erdia bete zuen 2019-20 ikasturtean. Ekitaldi eta jarduera ugari egin zituzten: Karmengo jaietako txupinazoa, sortzaileei omenaldia, gazteluan barrena jolas eta erromeria, kantu tailerra eta XX. mendean jaioak festa. Beste zenbait jarduera ere aurreikusi zituzten, baina 2020ko lehen hiruhilekotik aurrera COVID-19ak sortutako egoera dela eta, bertan behera utzi zituzten.
Ordutik, 50 urteko ibilbidea jasoko duen liburu bat lantzen aritu da lan talde bat, mende erdia ospatzeko oroigarri gisa. Liburuaren maketazioa bukatu dute, eta inprimatu aurretik liburuaren erreserba egin beharko da. Ale kopuru mugatua inprimatuko dute, eskaeraren araberakoa. Maiatzaren 27an bukatuko da epea eskaerak egiteko, eta ondoren inprentara bidaliko dute.
160 orrialde, 160 argazki, 45 gai, 140 abesti eta egile asko ditu liburuak. “Donostiako Orixe Ikastolak eskaintzen duen liburu hau maitasun handiz egindako liburua da. Gu guztiona den Orixe Ikastolak 50 urte bete dituela eta, orainetik atzera begiratu eta aurrera egiteko abaila hartzeko modua. Ez da historia liburua, baina bai, lehenago edo geroago, ikastolarekin harremana eta zerikusia duten eta izan duten lagun askoren bizipen, eta oroitzapenen bilduma, diseinu ederrarekin argazki, istorio eta abestiz betetako liburua. Orixe Ikastolarekin harremana izan baduzu, ziur gaude gustuz jasoko duzula”, azaldu du ikastolak ohar baten bidez.
Liburuaren eskaera egiteko, Orixe Ikastolako webgunetik egin daiteke eta lotura honetan.