"Oso zaila da Rafa Berrio definitzea"
Urtebete pasa da Rafael Berrio (Donostia, 1963-2020) musikaria zendu zenetik, eta urtebete darama Joserra Senperenak (Donostia, 1965) haren omenezko 'Rafa in memoriam' egitasmoko musika zuzendaritzan. Horren barruan, bi kontzertu bereziki eskainiko dituzte asteazkenean eta ostegunean Viktoria Eugenia Antzokian, Senperenak antolatuta. Berriorekin batera lan egin zuten musikari ugari igoko dira oholtzara, besteak beste, La Oreja de Van Gogh, Paul San Martin, Mursego eta Mikel Erentxun.
Zergatik erabaki duzue Rafael Berrio omentzea?
Rafa hil eta bi astera, haren omenezko zerbait antolatzeko ideiarekin, Cheli Lanzagortarekin hitz egin nuen, biak izan baikara Rafaren oso lagunak. Chelik gaztetatik, Donostia Sound delakoaren garaitik, ezagutzen zuen Rafa, eta bere teklista izan zen Amor a Traicion taldearen garaian, baita bere hainbat diskoren diseinatzailea ere. Nik 1990ko hamarkadan ezagutu nuen Rafa, eta hainbat disko grabatu nituen berarekin. Sergio Cruzado managerrarekin ere hitz egin nuen, eta hiruon artean hau guztia prestatzen hasi ginen. Sergio komunikazioaz arduratu da, Cheli Ernest Lluch Kultur Etxeko erakusketaz eta ni Viktoria Eugenia Antzokiko kontzertuetaz. Erakusketa igandean amaituko da, eta, kontzertuekin batera, Rafa in memoriam zikloko itxiera izango da. [Kontzertuetarako sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke].
Nolakoak izango dira Viktoria Eugenia Antzokiko kontzertuak?
40 urteko ibilbidean, Rafak hamar disko egin zituen. Ez dira disko asko, baina hainbat musika estilo ukitu zituen, eta askotariko artistarekin lan egin zuen. Horregatik, pentsatu genuen kontzertu batean ertz horiek guztiak bildu genitzakeela. Hori dela eta, gonbidatuen zerrenda oso plurala da: Mursegotik Diego Vasallora, Mikel Erentxunera eta La Oreja de Van Goghera doa. Erabaki genuen kontzertuak etxeko jendearekin egin behar genituela, Rafarekin lan egin zuten Donostiako eta inguruko artistekin, alegia.
Musikari asko igoko zarete oholtzara.
Ia 30. Denak Berrioren kolaboratzaileak eta Donostiakoak edo ingurukoak. Salbuespen bakarra dago, Gemak, Rafaren neska lagunak, eskatuta: Leon Benaventeko abeslaria, Abraham Boba. Gonbidatuez gain, musikari banda finko bat egongo da oholtza gainean: Joseba Irazoki, Karlos Aranzegi, Fernando Neira eta laurok osatuko dugu banda hori. Gonbidatu gehienekin joko dugu, La Oreja de Van Goghekin eta beste pare batekin izan ezik. Azken hilabetean, gonbidatu guztiekin harremanetan egon naiz, emanaldia ahalik eta gehien aurreratzeko.
Gonbidatu bakoitzak abesti bat joko du?
Bakoitzak Rafaren pieza bat joko du, baina badira bi pieza joko dituzten lau gonbidatu: Amateur, Virginia Pina, Mikel Erentxun eta Diego Vasallo. Rafarekin oso harreman estua zutelako erabaki dugu lau horiek bi abesti jotzea.
Errepertorioa Berrioren ibilbidearen errepaso bat izango da?
Ez bereziki, bakoitzak nahi zuen abestia aukeratu du. Hori bai, pieza guztiak Berriorenak izango dira.
Nabaritzen da Berrio oso pertsona maitatua zela.
Oso maitatua zen, eta, horregatik, gonbidatu guztiek, musika estilo askotakoek, berehala eman zuten baiezkoa. Hunkigarria izan da hori. Gainera, guk antolatutakoa ez da hirian egin den omenaldi bakarra, beste hainbat artistak euren kabuz antolatu baitituzte omenaldi kontzertuak, Le Bukowskin eta Dabadaban, besteak beste.
Norbaitek ez balu Rafael Berrio ezagutuko, nola definituko zenioke?
Galdera zaila da hori [barrez]. Pop musikariek, normalean, lehenengo musika konposatzen dute, eta ondoren letra idazten dute. Rafak alderantziz egiten zuen: lehenengo letra idazten zuen, eta ondoren letra horrentzako musika bilatzen zuen. Oso perfekzionista zen, eta bere letrentzako musika egokia aurkitu arte ez zen gelditzen. Youtuben oso bideo adierazgarri bat dago, non ikusten den zenbat buelta eman zizkion Mis amigos kantaren musikari. Letrari garrantzia handia ematen zion.
Oso musikari konplexua zen: rock musika eta pop musika egin zituen, baita zarzuela bat ere. Oso zaila da Rafa Berrio definitzea.
Aberastasun handia eman zion Donostiako musika panoramari.
Bai, zalantzarik gabe. Bere diskoek ez zuten arrakasta handirik izan, baina 1980an hasi zen, eta 40 urtez jotzen aritu da; pentsa, bere diskoek arrakastarik izan gabe ere.
Zuk nolako harremana zenuen Berriorekin?
Diego Vasalloren bitartez ezagutu nuen 1990ko hamarkadan. Ondoren, 1994an, Duncan Dhurekin bira batera joan nintzen, Rafak Amor a Traicionekin lehenengo diskoa argitaratu zuenean. Askotan, Diego Vasallok diskoa furgonetara ekartzen zuen, entzuteko. Handik gutxira ezagutu nuen Rafa, eta harrreman luzea izan genuen ondoren: nire disko baterako, Blues pasadizoak (2002) diskorako, abesti bat idatzi zuen, nik Berrioren Harresilanda (2005) diskoan parte hartu nuen, 1971 (2010) eta Diarios (2013) diskoak ekoitzi nizkion eta Adiós a la Bohemia (2017) egin genuen elkarrekin. Ia hiru hamarkadako harremana izan genuen, eta oso harreman ona izan zen. Jatorri desberdinetatik gentozen, baina oso ondo ulertzen genuen elkar.
Zergatik joan behar du jendeak Viktoria Eugenia Antzokiko kontzertuetara?
Oso musika eskaintza zabaleko kontzertuak izango dira, Rafaren memorian. Eszenografia ikaragarria izango da, ezustekoren bat ere izango da, eta oso gauza ederra izango dela uste dut.