Tejeria kalearen mugikortasun problematika ebazteko proposamena aurkeztu du Eusko Alkartasunak
Egiako Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzat bihurtu zituzten apirilaren 12tik 25era, proba pilotu moduan. Egia Pausoz Pauso izena zuen proiektuak, Egia Bizirik auzo elkarteak eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak bultzatuta, eta aldeko eta aurkako iritziak zabaldu ziren auzoan. Jende askok auzoan oinezkoentzat aisialdirako autorik gabeko espazio gehiago behar direla uste du, eta beste asko proba pilotuagatik kexu ziren, aparkatzeko arazoak zituztela esanez.
Tirabira hori dela eta, Eusko Alkartasunak inkesta bat egin zuen, auzotarren iritziak jasotzeko. Iritzi ezberdinak jaso dituztela adierazi dute, baina gehienek auzoak ondorengo arazoak dituela adierazi zuten: aparkatzeko arazoak, oinezkoentzako espazioen falta, berdegune gutxi, zikintasuna eta irisgarritasun unibertsal falta. Hiritarren iritziak jasota, Eusko Alkartasunak Tejeria eta San Kristobal kaleak moldatzeko proposamen bat egin du, eta Donostiako Udaleko Herritarren Partaidetza Sailari helarazi dio.
San Kristobal kalea
Egiako kale labur honetan, Eusko Alkartasunak proposatu du Tejeria kalearen bidegurutzetik gertu oinezkoentzako espazioa zabaltzea; bestalde, etxe bikoitien aldean zamalarientzako aparkalekuak eta TAO aparkalekuak jartzea proposatu dute, eta gainontzekoa zabor edukiontzientzat eta motorrentzat uztea.
Tejeria kalea
Kale hau da tirabira gehien sortu duena, eta hiru zatitan banatzea proposatu du EAk. Lehenik eta behin, Tejeria kaleko 2 eta 6 zenbakien artean, Aitor Ikastolatik gertuen dagoen lekuan oinezkoentzako lekua handitzea proposatu dute, baita egoteko eremu bat jartzea ere, hiri altzariekin. Zenbaki bikoitiak dituen kalearen aldean, espaloia handitzea proposatu dute, garajeen irteerak errespetatuz, eta elbarrituen autoak uzteko aparkalekuak zenbaki bakoitidunen aldean jartzea, baita bertakoentzat gordetako aparkalekuak ere.
Bestalde, Tejeria kaleko 8 eta 16 zenbakien artean, kalearen bi aldeetan espaloia handitzea proposatu dute, “garaje eta tailerren irteerak errespetatuz”. Karmengo Amaren kalera begira dauden hiru aparkalekuen lekuan elbarrituentzat plaza bat eta zamalarientzat plaza bi egitea proposatu dute ere.
Azkenik, Tejeria kalearen gainontzeko espazioa dagoen moduan uztea proposatu dute, baina Tejeria kalearen eta Plaza Haundiaren arteko konexioa hobetu behar dela ere badiote.
Bestelako aldaketak
Tejeria eta San Kristobal kaleak moldatzeaz gain, Eusko Alkartasunak argitaratutako proposamenean auzoan bestelako arazoak daudela adierazi du alderdi abertzaleak. Garbiketa eta irisgarritasun arazoak dira nagusiak, baita aisialdirako espazioen falta ere. Egiaren goiko aldeko kaleekin konexioa hobetu behar dela diote, irisgarritasuna hobetzeko. Bestalde, Blas de Otero plazan futbol eta saskibaloi zelaitxoak kendu ostean, Egiak beste jolastoki bat behar duela diote. Plaza Haundi, auzoko bilgune nagusia izanik, estaldura berria behar duela ere dio EAk proposamenean.