Altzako kiroldegia urte amaieran irekitzea aurreikusten du orain udalak
Donostiako Udalak 2021/2022 ikasturterako Altzako kiroldegi berria irekitzea aurreikusten zuen, baina Duñike Agirrezabalaga Proiektu eta Obretako zinegotziak atzo azaldu zuenez, ez da posible izango: urte amaierarako irekitzea aurreikusten dute orain. Zigor Etxeburua EH Bilduko zinegotziak gaiaren inguruan galdetu zion Agirrezabalagari asteleheneko udal batzordeeetan, eta orduan eman zituen azalpenak: “Aurreikusten dugu lanak ez direla bukatuko aurtengo azken hiruhilekoaren amaierara arte”, adierazi zuen.
Proiektuaren azken aldaketaren arabera, lanak irailaren 30ean amaituko dituzte, baina ondoren instalazioa barrutik hornitu beharko dute. Era berean, irailean hasiko dira kanpoko igerilekuak eraikitzen, eta 2022ko maiatzetik aurrera erabilgarri izango direla aurreikusten du udalak.
Proiektuaren lehenengo aldaketa iazko ekainean onartu zuten, eta aurrekontua %4,6 igo behar izan zuten. Berriki, maiatzaren hasieran, udalak proiektuaren bigarren aldaketa onartu zuen, eta aurrekontua %12,6 igo zuen. Filomena denboralean eragindako kalteengatik egin zuten bigarren aldaketa. Guztira, eraikuntza prezioa %17,3 igo dute hasierako aurrekontutik, eta, gauzak horrela, proiektu osoak 14,6 milioi euroko kostua izango du, BEZ barne.