Donostiako Metroko langileak, etengabeko mehatxupean
Donostiako Metroko langileek enpresaren zuzendaritzaren aldetik mehatxuak jaso dituztela salatu du ELAk 'Oiartzun Irratian' egindako elkarrizketa batean.
ELA sindikatuko eraikuntza arduradunari, Igor San Joseri, elkarrizketa bat egin zioten atzo Oiartzun Irratiko kideek, Donostiako Metroaren lanen inguruan, eta sindikatuaren arduradunak metroaren laneko langileek pairatzen duten egoera salatu zuen.
San Josek plazaratutako datuen arabera, metroaren eraikuntzako langileek ordu estra asko egin zituzten 2019ko otsailetik azarora; zehazki, 35 langilek 10.000 ordu estra egin zituzten denera. Bestalde, langile batzuk egun batzuetan 19 orduko lanaldiak egin zituzte, normalean 6 ordukoak izan behar dutenean; izan ere, lurpeko lanek dituzten arriskuak direla eta, jardunaldiak 8 ordukoa baino laburragoa behar du izan. Datu hauek guztiak frogatuta daudela adierazi du, “izen eta abizenekin”.
Bestalde, lanen arriskua eta istripuak direla eta, langile batzuek arazo larriak dituztela adierazi du San Josek: “Guk dakigula, bost istripu larri izan dira gutxienez. Horietako bik hamar hilabete daramate bajan. Batek mugikortasuna galdu du eskuan, eta besteak ezin du ibili”. Gainera, langile horiek sindikatuengana jotzeko beldurra dutela dio San Josek, gehienak behin behineko langileak baitira, eta sindikatuetako ordezkariekin elkartzen ikusten badituzte “kaleratu egin ohi dituztela” dio. “Salaketak jartzeko langileen baimena behar dugu, eta istripua jasan zuten bost langileetatik bik bakarrik salatu dute: ez dira lanera itzuliko. Istripuak salatzeagatik mehatxuak jaso dituzte”.
Agintarien papera
ELAko eraikuntza arduradunak dio agintari politikoak egoera honen jakitun direla: “Guk gauzak publikoki edo epaitegian salatu aurretik obra publiko hauen ardura duten agintari politikoekin hitz egiten dugu. Hau guztia ezagutzen zuten, baina ez dute ezer egin. Langileen lan baldintzak eta herritarren iritzia ez zaie axola”. Bestalde, lan istripuak salatzeagatik langileek mehatxuak jaso dituztela ere badakitela dio San Josek.
Langileen behin behinekotasuna
Metroko lanetan obra publikoa esleitu zaion enpresako langileak %1 edo %2 bakarrik direla dio San Josek, eta gainontzekoak azpikontratatu egiten dituztela dio, eta horietako gehienak kanpotarrak direla gehitu du: “Kanpoan bizi diren langileak dira. Zergatik? Salaketa edo istripu bat dagoenean desagertu daitezen, arrastorik utzi gabe. Obra merkeak eta isiltasuna nahi dituzte”.
Lanen kostua
Bestalde, enpresak lanetan dirua aurrezteko trikimailuak erabiltzen dituela salatu du San Josek, eta horrek langileen segurtasuna baldintzatzen duela dio. Adibidez, zuloak egiterakoan kamioiak %50eko gainkargarekin ateratzen dituztela dio, hiru bidaia egin beharrean bi egiteko, eta dirua aurrezteko: “Kamioi horiek, gainkargarekin, egoera txarrean, inspekzio teknikoa gainditu gabe, Donostiako kaleetan zebiltzan, eta aste batean Ertzaintzak hiru isun jarri zizkion kamioi gidari bati gainkarga eramateagatik”. ELAk enpresarekin hitz egin zuen, eta prezio horietan “hala egin behar zela” adierazi zieten zuzendariek. Sindikatuak lan ikuskaritzara jo zuen eta agintari politikoekin hitz egin zuen, baina ez zuten ezer.