Elkarrekin Donostiak "materialen murrizketa eta berrerabilpena areagotzeko neurri eraginkorrak" eskatu dizkio udal gobernuari
Birziklapenaren Nazioarteko Eguna izan zen atzokoa, eta, horrekin bat eginez, “materialen murrizketa eta berrerabilpena areagotzeko neurri eraginkorrak” eskatu zizkion Elkarrekin Donostiak udal gobernuari, Lurralde Garapen eta Planifikazio batzordean. Hain zuzen, Haizea Garaik, koalizio aurrerakoiko zinegotziak, eskatu zuen hirian ontzien gordailu eta itzulketa sistema bat ezartzeko, hondakinen gaikako bilketaren tasak hobetzeko. Sistema horrekin, kontsumitzaileek hiriko saltokietan edozein produktu ontzi batekin erosten dute, ontziarengatik diru kopuru jakin bat ordainduta. Ondoren, ontzi hori beste hainbat produktu erosteko erabili dezakete, edo, saltokian itzuliz gero, dirua berreskuratzen dute.
Sistema hori abian da dagoeneko Europako 40 herrialde eta eskualdetan, eta koalizioak azaldu duenez, emaitza onak ematen ari da: “Bilketa ontzi bidezko kudeaketa sistema integratua baino %60 merkeagoa da; ez du konplikazio teknikorik eta birziklatutakoaren %100 bideragarria eta erabilgarria da, besteak beste. Itzultzeko botilen %10eko igoerak %40 murriztuko luke plastikozko botilen bidezko itsasoko kutsadura, eta, ontziak murriztu eta berrerabiltzeaz gain, enplegua sortzen du eta tokiko merkataritza dinamizatzen du”.
Zinegotziak gogoratu zuen Europako Batasunak ezarritako helburuen artean dagoela 2025erako udalerrietako hondakinak gutxienez %55 murriztea, eta Donostia kopuru horretatik “oso urrun” dagoela. “Irtenbideak bilatu behar dira gaikako bilketaren tasak, birziklapena eta sortzen diren hondakinen murrizketa handitzeko, klima larrialdien erronkari erantzuteko”, nabarmendu zuen. Era berean, Garaik azaldu zuen udalak ekonomia zirkularraren arloan egindako klima larrialdietako adierazpeneko helburuen artean zeudela 2025ean gaikako bilketa %64ra iristea, hondakinen sorrera %10 murriztea (2010eko kopurutik) eta plastikoaren erabilera modu erabakigarrian murriztea. Zinegotziaren ustez, ordea, neurri gehiago hartu behar dira: “Larrialdi klimatikoaren egoeran, sortzen diren hondakinak behar bezala kudeatzeko, neurri handiagoak hartu behar dira, eta ingurumen politika konprometituagoak”.
Elkarrekin Donostiaren arabera, Marisol Garmendia (PSE-EE) Ekologia zinegotziak “harrera ona” egin zion euren proposamenari, eta nabarmendu dute neurriak hartzeko eskatzen jarraituko dutela, aurreko legealdian proposamen bera egin baitzuen Irabazi taldeak: “Bost urte igaro dira proposamena egin zenetik, eta ordutik ez da ezer egin. Hitz onez betetzen dute ahoa, baina jarduteko orduan ikusten ditugu neurriak berandu iristen direla eta galeriara ere begira direla eragin oso mugatua izateaz gain”, salatu zuen Garaik.