Azken egunak Rafael Berrioren omenezko erakusketaz gozatzeko
Rafael Berrio (1963-2020) musikari donostiarraren omenezko Rafa en memoriam zikloa amaitzen ari da, eta aste honetakoak izango dira Rafael Berrioren paradoxak erakusketa ikusteko azken egunak. Martxoaren 31n inauguratu zuten Ernest Lluch Kultur Etxean, eta larunbatera arte, hilaren 22ra arte, egongo da ikusgai.
Berrio zendu eta urtebetera inauguratu zuten erakusketa, eta haren ibilbidea errepasatzen du. Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile eta musikariak gidatu du erakusketa proiektua, Gorostidi-Sistiaga Arquitectos estudioarekin batera. Harkaitz Cano idazlearen kolaborazioa ere izan dute, erakusketaren gidoiaz arduratu baita, eta Angel Aldarondo errealizadorearena ere, bere gain hartu baitu ikusizko pieza zenbaiten ardura. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era bisitatu daiteke, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Erakusketa amaitu aurretik, ordea, Berrioren omenezko zikloko azken jarduera handiak egingo dituzte gaur (hilak 19) eta bihar (hilak 20). Hain justu, Berriorekin lan egin zuten 30 musikari inguru Viktoria Eugenia Antzokiko oholtzara igoko dira, haren omenezko bi kontzertu eskaintzeko. Biak ala biak 19:00etan izango dira, eta sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke. Joserra Senperena musikaria da ekitaldiaren antolaketan ibili denetako bat –musika zuzendaritzan, zehazki–, eta hedabide honek berarekin hitz egin du aste honetan, omenaldiaren nondik norakoak ezagutzeko.