Dea Kulumbegashvilik, iazko Urrezko Maskorraren irabazleak, Tabakaleran prestatuko du bere hurrengo filma
Dea Kulumbegashvili zinemagile georgiarrak (1968), Dasatskisi/Beginning (2020) filmarengatik Urrezko Maskorra irabazi zuen iazko Zinemaldian, eta Donostiara itzuli da orain Tabakalerako egonaldi artistiko baten bidez bere hurrengo film luzea prestatzeko. Azken urteotan Tabakalerak, Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak zinemaren munduko eta ikus-entzunezkoen eremuan sortzen ari diren talentu berriei laguntzeko garatutako estrategiaren baitan kokatzen da Tabakalerako egonaldi artistikoa.
Georgiarra ekainaren 7ra arte egongo da Donostian, eta bere lana herritarrein partekatzeko aukera izango du. Hain zuzen, maiatzaren 31n, 18:00etan, Dasatskisi/Beginning filma proiektatuko dute Tabakalerako zinema aretoan, Zinemaldiak eta zuzendariak berak aurkeztuta. Hurrengo egunean, ekainaren 1ean, 19:00etan, zuzendariak filmaren eta garatzen ari den hurrengo proiektuaren sortze prozesua azalduko ditu Tabakaleran bertan.
Zinemagile gaztearen filmak lau sari jaso zituen 2020ko Zinemaldian: Film Onenaren Urrezko Maskorra, Zuzendaritza Onenaren eta Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorrak eta Gidoi Onenari Saria.