33 koronabirus kasu positibo Donostian
Donostiako intzidentzia metatua 320,19koa da, eta behera egin du. Bidebietan, Egian, Parte Zaharrean eta Amara-Erdialdean, ordea, gora egin du intzidentzia metatuak.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 33 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 320,19koa da, eta behera egin du. Joera gorakorra mantendu ostean, bi aste daramatza Donostiak intzidentzia metatuaren beherakadarekin. Izan ere, 332,25ekoa zen intzidentzia metatua atzo, 351,99koa zen herenegun, eta 401,34koa zen, berriz, ostiralean. Intzidentzia metatuaren joera aldatu da, eta hainbat astetako goradakadaren ostean, beheranzko joera nabarmendu da azken bi asteetan.
Iazko azaroaren 9tik indarrean zegoen alarma egoera bertan behera gelditu zen maiatzaren 9an, eta, hori dela eta, dagoeneko ez dago mugikortasun mugarik, ezta etxeratze agindurik ere. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren transmisioa saihesteko hainbat neurri ezarri ditu dekretu bidez, tartean ostalaritza establezimenduek 22:00etan itxi behar izatea. Jaurlaritzaren neurriak, gutxienez, sei astez egongo dira indarrean, Labi batzordea egoera aztertzeko berriz bildu arte. Denbora tarte horretan, txertaketa prozesua azkartzea espero du Jaurlaritzak; 59 urtetik beherakoei txertoa jartzeko hitzordua ematen hasi da dagoeneko Osakidetza. Janssenen txertoa hartuko dute 50 eta 59 urte bitartekoek. Gainera, Espainiako Osasun Ministerioak egin duen entsegu klinikoak dio segurua dela AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonei Pfizer txertoa jartzea txertaketa pauta osatzeko. Gauzak horrela, ondorengoak dira indarrean dauden neurriak:
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak eskatu du norberak bere mugikortasuna 23:00etatik 6:00etara mugatzeko, “borondatez”.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe, bi salbuespenekin: ostalaritza establezimenduetan, gehienez lau pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean. Bestalde, kirola 6 pertsonako taldeetan egin daiteke gehienez. Hala ere, eskatu du bilkurak lau lagunetara mugatzeko.
- 22:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan, 150 metro koadro baino gehiagoko establezimenduetan gehienezko edukiera %40koa da, eta 150 metro koadrotik beherakoetan %60koa. Azoka txikietan, baimendutako postuen %50 jarri ahal daitezke.
- Elkarte gastronomikoak, lonjak eta gazteen lokalak itxita daude.
- Ostalaritzan, barrualdeko edukiera %50era mugatuta dago. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta, mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona egon daitezke. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, jateko edo edateko unean izan ezik.
- Gaueko aisialdiko establezimendu eta lokal guztiak itxita egongo dira oraindik.
- Joko aretoek 22:00etan itxi behar dute, eta edukiera %50era mugatu behar dute.
- Kultur guneetan edukiera %35era mugatu dute. Beila eta ehorzketetan, aire zabalean, 30 pertsona egon ahal dira gehienez; eta, leku itxietan, sei pertsona gehienez.
- Musika eta kantu jardueretan Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloak egin beharko dituzte.
- Kirol instalazioen edukiera %50era mugatu dute, eta aldagelena %35era. Ez da ikuslerik egongo kirol ekitaldietan.
- Kirola aire zabalean edo barnealdean egiteko, gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira. Eskola kirolaren entrenamenduan ezingo dira aldagelak erabili. Maskara derrigorrez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisikoetan izan ezik.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak behera egin du sei osasun eremutan, eta gora egin du Bidebietan, Egian, Parte Zaharrean eta Amara-Erdialdean; berdin mantendu da, berriz, Intxaurrondon:
- Loiola: 463,34
- Amara-Erdialdea: 381,93
- Amara Berri: 363,04
- Altza-Roteta: 362,34
- Gros: 280,29
- Aiete: 272,74
- Parte Zaharra: 267,34
- Egia: 243,47
- Bidebieta: 235,88
- Ondarreta: 213,09
- Intxaurrondo: 192,78
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Ondarreta: 5
- Altza-Roteta: 4
- Parte Zaharra: 4
- Amara-Erdialdea: 4
- Amara Berri: 3
- Bidebieta: 3
- Egia: 2
- Gros: 1
- Loiola: 1
- Intxaurrondo: 1
- Aiete: 1