Realzaleek Koparekin argazkiak egin ahalko dituzte
34 urteren ondoren, Realeko mutilek Kopa irabazi zuten pasa den apirilean, eta realzaleek garaikurrarekin argazkiak egiteko aukera dute orain, oroitzapena betirako gordetzeko. Hain zuzen, Realak Anoeta estadioa zaleentzat irekiko du ostiraletik aurrera, eta Kopa han izango da zaleen zain. Hilaren 21ean, 22an, 23an, 28an, 29an eta 30ean egin ahal izango dira argazkiak, txandaka.
Realzaleek lekua erreserbatu beharko dute horretarako, Realaren webgunearen bidez. Txandaka pasako dira realzaleak, hamabost minuturo, eta gehienez sei laguneko taldeetan. Behin erreserba eginda, realzaleek Anoetako iparraldeko hondoko garajeko sarreran –klubaren dendaren ondokoan– egon beharko dute egokitutako orduan. Klubeko langileek lagunduta, sarrerako arrapala jaitsi eta jokalekura iritsiko dira realzaleak, banda zeharkatuko dute, aldageletako tunelaren irteerara iritsi arte. Han, armarriaren ondoan, Kopaz gozatu ahal izango dute, baita argazkiak egin ere. Bakoitzak bere telefono mugikorra edo argazki kamera eraman behar du, argazkiak egiteko. Koronabirusaren kutsatzea saihesteko neurri guztiak hartuko ditu klubak, eta, horregatik, ezin izango da Kopa ukitu.