Rosa Zarraren omenezko plaka kendu dute
Amara Berriko Sortu alderdiak salatu duenez, Ferrerias plazan iaz Rosa Zarraren omenez jarri zuten plaka kendu egin dute: “Eraso bat da, bizikidetzaren aurka eta memoria historikoaren aurka. Ez dago benetako memoriarik Ertzaintzaren biolentzia jasan dutenen sufrimendua aintzat hartu gabe”, adierazi dute.
Iaz, 25 urte bete ziren, Ertzaintzaren pilotakada batek Rosa Zarra donostiarra Amara Berriko Bakearen Usoaren aurrean zauritu zuenetik. Handik zortzi egunera, Zarra hil egin zen, eta haren familiak egia, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraitzen du. Hain zuzen, hedabide honek gertatutakoa gogoratu zuen iaz, Maider Irazustarekin, Zarraren alaba gazteenarekin, eta Xabier Irazustarekin, haren alargunarekin hitz eginda.
Urteurrenaren bueltan, pilotakada jaso zuen lekutik gertu, Ferrerias plazan, omenaldi txiki bat egin zioten iazko ekainean, eta Zarra oroitzeko plaka bat jarri zuten. Oroigarri, ordea, desagertu egin da.