San Martin kaleko bidegorriaren lanak aste honetan bukatuko dituzte
Donostiako Udalak Erdialdean hainbat aldaketa egingo ditu oinezkoen eta bizikleta erabiltzaileen mesedetan. Esaterako, San Martin kalean behin-behineko bidegorri bat egiten ari dira, Urbieta kalearen eta Foruen pasealekuaren artean. Lanak aste honetan bukatzea aurreikusten du udalak. Artzain Ona katedralaren inguruko eremua oinezkoentzat egiteko proiektua nolakoa izango den erabaki arte mantenduko dute bidegorria.
Kalapie elkartea kritiko agertu da San Martin kaleko bidegorriarekin. 2,2 metroko zabalera izango duela salatu dute sare sozialetan, eta Gernikako Arbola pasealekuko bidegorriarekin konparatu dute. Izan ere, bidegorri horren zabalera 3 metrokoa da. Bestelako kritikak ere jaso ditu San Martin kaleko obrak, baina ez bidegorriarengatik. Kale horretan bidegorria ez ezik, egoiliarrentzako aparkalekuak jarri dituzte, eta hori “lotsagarria” dela adierazi dute hainbatek sare sozialetan. Kale horretan bizi direnei etxe parean aparkaleku bat jartzea da kritikatu dutena.