Etxebizitza hutsekin bukatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Elkarrekin Donostiak udal gobernuari
Elkarrekin Donostiako Haizea Garai zinegotziak hiriko etxebizitzaren auziari aurre egiteko eskatu dio udal gobernuari, etxebizitza hutsak eta jabe handien, finantza erakundeen eta espekulazio funtsen eskuetan dauden etxebizitzak eta alokairuaren merkatura pasatzeko neurriak hartuz. Garaik gogoratu du duela bi urteko Etxebizitzaren Udal Planaren arabera, “4.000 etxebizitza huts inguru” daudela hirian, eta salatu du “gaur egun bizi den larrialdi egoeran” ez dela ulertzen “gobernu honek etxebizitza hori amaitzeko urratsik ez egitea”.
Era berean, salatu du Etxegintza erakunde publikoaren mendeko Alokabide programak partikularren gero eta etxebizitza huts gutxiago kudeatzen dituela: “2016an 369 etxebizitza kudeatzetik gaur egungo 298 etxebizitzetara igaro da. Horren ondorioz, %20 inguru murriztu da etxebizitza hutsak mobilizatzeko hartutako etxebizitzen kopurua”. Asteleheneko Lurralde Garapen eta Planifikazio Batzordean, Garaik zinegotzi delegatuari galdetu zion gai horren ingurua, eta Elkarrekin Donostiaren arabera, “udal gobernuarentzat lehentasunezko gaia zela esatera mugatu zen zinegotzi delegatua”. Horregatik, koalizio aurrerakoiak salatu du udal gobernu honek ez duela etxebizitzaren auziari aurre egiteko “borondate politikorik”.
Hirian etxebizitza jabe handien esku dauden etxebizitzei buruzko datuak –bost higiezin edo gehiagoren jabe direnenak– ere eskatu zituen Garaik, hau da, jabeei buruzkoak: pertsona horien esku zenbat etxebizitza dauden, hiriko zein gunetan dauden eta horietatik zenbat dauden hutsik ere galdetu zuen. “Jabe handiek eta espekulazio funtsek borondaterik ez badute, presioa egin behar da Euskadiko Etxebizitzaren 3/2015 Legea bete dadin eta lege horren 59. artikulua aplikatu dadin, non etxebizitza hutsetarako nahitaezko alokairua aplikatzeko aukera planteatzen den”, gaineratu zuen Garaik.
Horrela, Elkarrekin Donostiak iragarri du larunbatean hiriko hainbat eragilek antolatu duten etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaziora joango direla, “gobernu honek ezin duelako beste aldera begiratzen jarraitu, gazteek eta familiek bizitzeko aukerarik ez dutenean”.