Garaipenik gabe jarraitzen dute Oihane Otaegik eta Mikel Unanuek Munduko Curling Txapelketan
Oihane Otaegi eta Mikel Unanue curling jokalariak Eskozian daude, Munduko Txapelketa jokatzen. Astelehenean hasi zuten txapelketa, eta oraindik ez dute garaipenik erdiestea lortu. Joan den astean IRUTXULOKO HITZAk elkarrizketatu zituen curling jokalari donostiarrak, eta egun hartan adierazi zutenaren arabera, hogei talde daude txapelketan, bi azpitaldetan banatuta. Beraz, lehen fasean bederatzi talderen aurka jokatu behar dute Unanuek eta Otaegik, eta oraindik ez dute partidarik irabaztea lortu.
Lehen partidan Kanadaren aurka aritu ziren, azken Munduko Txapelketan bigarren geratu zen taldearen aurka, eta irabaztear izan ziren donostiarrak; azkenean, 6-8 galdu zuten. Hurrengoa Italiaren aurka izan zuten, eta 2-7 galdu zuten. Ondoren Eskoziaren aurkako porrota etorri zen, 1-9ko markagailuarekin, eta gero Hego Korearen aurka galdu zuten, 5-8. Atzo arratsaldean Alemaniaren aurka aritu ziren Unanue eta Otaegi, eta 2-9 galdu zuten. Gaur goizean Txekiaren aurka galdu dute, 3-7, eta 20:00etan jokatuko dute hurrengo partida, Errusiaren aurka. Horren ostean, Australiaren eta Hungariaren aurkako partidak geratuko zaizkie bakarrik.
Azpitaldeko azken postuan daude donostiarrak, garaipenik gabe, eta Australia dago bederatzigarren postuan, garaipen bakarrarekin.