Añorgako hirigintza proiektuen aurrean, bizilagunek euskaraz bizitzen jarraitu nahi dutela aldarrikatu dute
Añorgako hamarnaka bizilagun Amassorrain ikastolako jolastokian elkartu dira ostiral arratsaldean, auzoan euskaraz bizitzen jarraitu nahi dutela aldarrikatzeko. Donostiako Udalak Añorga Txikiko pabiloien inguruan (Firestone lantegi berreskuratua dagoen tokian) duen hirigintza proiektuaren –Añ.03.1 Añorgako geltokia izenekoa– harira egin dute aldarrikapena. Izan ere, udalak 248 etxebizitza eraikiko ditu eremu horretan, eta Amassorrain ikastolako Gorga Guraso Elkarteak salatu du horrek “hizkuntza inpaktu esanguratsu eta larria” izango duela auzoan. Auzoko beste hainbat eragilek guraso elkartearekin bat egin dute: Añorgatxikitarrak auzo elkarteak, Gorga mintegiak, Amassorrain ikastolako euskara batzordeak, Añorgako Sortuk, Rezolako ELA eta LAB sindikatuetako langile batzordeak, Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteak, Añorgako euskara batzordeak, Lugaritz elkarteak eta Añorgako gazte asanbladak, hain zuzen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Erakundeen 2/2016 Legeak dio tokiko erakundeen egitekoa dela hirigintza planen eta proiektuen hizkuntza inpaktua ebaluatzea, proiektua bera hasi aurretik. Hori Eragin Linguistikoen Ebaluazioaren Irismen Dokumentu bat garatuz egin behar dute erakundeek. Dokumentu horrek ondorioztatzen badu proiektuak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela tokian tokiko egora soziolinguistikoan, Hizkuntza Inpaktuaren Azterketa bat egin behar dela zehazten du legeak, hirigintza proiektua kalterik sortu gabe garatzerako hartu beharreko neurriak identifikatzeko. Donostiako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, 2021eko otsailaren 4an argitaratu zuen Añorgako pabiloietako hirigintza proiektuaren Eragin Linguistikoen Ebaluazioaren Irismen Dokumentua, baina Donostia osoa hartu zuen aintzat, Añorgako errealitate linguistiko propioa aintzat hartu gabe. Horrela, dokumentu horrek zehazten du ez dela beharrezkoa Hizkuntza Inpaktuaren Azterketa egitea, nahiz eta neurri zuzentzaile batzuk hartu beharko direla dioen: “Añorgan euskararen ezagutza %60,95ekoa da, Donostiako batez besteko ezagutzatik (%46,01) oso gainetik, proiektuak auzoko egoera soziolinguistikoan izango duen eragina gutxitzeko asmoz, honako neurri zuzentzaileak beteko dira […]”, dio dokumentuak.
Horrela, guraso elkarteak, gainontzeko eragileen babesarekin, proiektuaren aurkako helegitea aurkeztu du udalean, eskatuz baztertzeko aipatu Irismen Dokumentua, eta halako beste bat egiteko, soilik Añorga auzoa aintzat hartuko duena. “Bertatik ondorioztatuko litzatekeen beharrezko Hizkuntza Inpaktuaren Azterketa ere egin dezala, azterketa horren emaitzen araberako neurri zuzentzaileak zehaztuz”, gaineratu dute. Ildo beretik, azaldu dute EHUko ikasle batek auziari buruzko graduondoko lana egin duela, eta ondorioztatu duela egitasmoak inpaktu linguistiko “larria” izango lukeela, “Irismen Dokumentuaren eremu soziolinguistikoa Añorga auzoa izango balitz”.
Irismen Dokumentua “partziala” dela azpimarratu dute auzoko eragileek, Donostia osokoa izateaz gain, ez dituelako beste aldagai batzuk aintzat hartzen: “Ez du aipatu aurreikusten den bat bateko %28ko biztanle hazkundearen eragina, ezta horri modu jasangarrian aurre egiteko proposamenik egin bizilagun berrien integrazioa egokia izan dadin. Gaur egun, Añorga osoan 2.247 bizilagun gara eta udaleko datuen arabera, plan horren bidez aurreikusi daitekeen biztanle berrien kopurua 637 pertsonakoa da”. Horrez gain, auzoari eragiten dioten gainontzeko hirigintza proiektuak ere aintzat hartu ez dituela salatu dute: “2004an Belartzan kokatutako merkataritza gunea, 94 etxebizitza eraikitzeko Atotxa Errekako egitasmoa, eta berriki, udal gobernuak iragarri duen Ibaeta eta Añorga artean dauden lursailak berrantolatzeko eta etxebizitzak eraikitzeko asmoa”.