Ariel Bringez Quintet eta Sumrra arituko dira Jazzaldiko 'JazzEñe' zikloan, besteak beste
Jazzaldiak iragarri ditu dagoeneko aurtengo jaialdiko JazzEñe zikloan joko duten zortzi taldeak. SGAE Fundazioak, Donostiako Udalak, Donostia Kulturak eta Jazzaldiak antolatzen dute, JazzEñe zikloa (aurtengoa zazpigarrena izango da), Espainiako Estatuko jazzari nazioarteko ikusgarritasuna emateko helburuarekin.
Ariel Bringez Quintet, Caminero Quintet, Chano Dominguez Trio, Daniel Garcia Trio, Smack Dab, Sumrra, Alba Careta Group eta Manolo y Curra izango dira aurtengo zikloan joko duten zortzi taldeak, eta uztailaren 22tik 25era joko dute Jazzaldiko agertokietan. Egun bakoitzean bi taldek joko dute, showcase formatuan, hau da, 45 minutuko kontzertu laburrak izango dira.
Estatuko 252 talde aurkeztu ziren JazzEñe-ko hautaketa prozesura, eta aipatu zortziak hautatu ditu Jose Miguel Carmona SGAE Fundazioko musika zuzendari instituzionalak, Javier Estrella JazzEñe-ko zuzendariak, Miguel Martín Jazzaldiko zuzendariak, Jose Francisco Tapiz Tomajazzeko zuzendariak eta Lara Vizuete 2018ko JazzEñe zikloan parte hartu zuen abeslariak osatutako epaimahaiak.
Egunez egun
Uztailaren 22an, Ariel Brínguez Quintet eta Caminero Quintet boskoteek irekiko dute zikloa. Hurrengo egunean, Daniel Garcia Trio eta Chano Dominguez Trio hirukoteek joko dute, eta Smack Da eta Sumrra taldeen txanda izango da uztailaren 24an. Azkenik, 25ean, Alba Careta Group eta Manolo y Curra taldeek itxiko dute 2021eko JazzEñe-a.