Arteuparte berriak ateak ireki ditu Grosen
Tabakalerako lokala itxi ondoren, Arteuparte arte estudio, galeria eta denda berriak ateak ireki ditu gaur, Groseko Kale Berrian. “Tabakalerako proiektu bera da, lehen egiten genituen gauza berdinak egiten jarraitzen dugu, baina Grosen gaude”, azaldu du Paul Lataburuk, Arteuparteko arduradunetako batek. Era berean, gaineratu du auzotarrek harrera ona egin dietela: “Auzoko jendea etortzen hasi da, eta azken egunotan babes handia sentitu dugu sare sozialetan”.
Sei urteren ondoren, apirilean Tabakalerak alde bakarrez erabaki zuen Arteuparteren kontratua ez berritzea. Abuztura arte egon zitezkeen han, baina lokal hori itxi eta Tabakalerako epea amaitu baino lehen Grosera lekualdatzea erabaki dute. Hala azaldu zuen orduan Iñaki Bellido Arteuparteko beste arduradunak: “Zenbait aste generamatzan Arteuparte zabaldu nahian: oraingo dimentsioa mantentzeaz gain, ondoko lokala hartu nahi genuen, eta Tabakaleran gehiago finkatzeko gogoa ere bagenuen. Hala ere, ikusten genuen ez zizkigutela posta elektronikoak erantzuten, eta aste honetan Tabakalerako gerentea etorri zaigu esanez ez digutela kontratua berrituko: alde bakarreko erabakia izan da”.
“Azken asteak gogorrak izan dira, Tabakalera uztea erabaki ondoren, lokalak bilatzen hasi baikinen. Azkar aurkitu genuen hau, eta ahalik eta azkarren ireki nahi genuen”, azaldu du Lataburuk, eta nabarmendu du Tabakaleran baino eskurago daudela Grosen: “Ubikazio hau hobea da, kalean bertan gaudelako. Gainera, lokala handiagoa da, eta beste atmosfera bat dauka”.
Bestalde, Lataburuk azpimarratu du datorren larunbatean, hilaren 29an, inaugurazio festa bat egingo dutela: “Zuzeneko musika izango da, janaria eta edaria eskainiko dugu, eta festa txiki bat egingo dugu”.