Donostiako Lehen Nazioarteko Rallya
1959ko maiatzaren 16an eta 17an, aurrez ikusi gabeko jaialdi bat antolatu zuen Espainiako Vespa Klubak: Donostiako Emakumeen Lehen Nazioarteko Rallya. Egun haietan, baina, motoziklismoa ez zen izan garrantzitsuena.

Francok garaipena aldarrikatu eta hamalau urtera, Espainiako Vespa Klubak Donostiako Emakumeen Lehen Nazioarteko Rallya antolatu zuen, Real Automovil Clubarekin batera. Maiatzaren 16tik 17ra, larunbatetik igandera, egin zuten jaialdia, eta hainbat herrialdetako 75 motoziklista etorri ziren Donostiara, rallyan parte hartzera. Larunbat goizean Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat parte hartzaile iritsi ziren; besteak beste, Mallorcatik, Zaragozatik, Bartzelonatik, Terrasatik eta Gasteiztik.
Arratsaldean, nazioarteko motoziklistak hasi ziren iristen: Italiatik, Suitzatik, Suediatik, Frantziatik, Ingalaterratik, Herbehereetatik eta Luxenburgotik, esaterako. Larunbat gauean harrera eta afaria egin zuten, eta igandean izan zen egun gorena.
Goizeko 11:30ean mezetara joan ziren, Artzain Onaren katedralera, eta 12:00etan Vespa gaineko Emakumeen Elegantzia Lehiaketa egin zuten Alderdi Ederren. Lehiaketa hau amaitzean, Donostiako kaleetan desfilea egin zuten, eta ondoren Igeldo Mendira joan ziren. Bertan bazkaria egin zuten, eta arratsaldean hiria ezagutu zuten. Amaitzeko, afaria egin zuten Maria Cristina hotelean, eta Elegantziaren Erregina aukeratu zuten: Flaminia Clarenchi italiarra.
Kontakizun matxista
Jaialdi hau motoziklismoa sustatzeko helburuarekin egin zutela sinestarazi zuten hasieratik, baina emakumea objektu bilakatzeko helburua izan zuen lehen unetik, eta lasterketarik egin ez izana erakusgarri garbiena da. Jaialdiko ekitaldi nagusiek parte hartzaileen gorputza objektibizatu zuten, elegantzia lehiaketa eta desfilea, eta garaiko hedabideek irizpide horiek jarraituz egin zuten kontaketa. Hala zioen La Voz de Españak: «Goizetik, puntualtasunez iristen joan ziren aurpegi politak, ikusleen onerako. Horrela gustura ikusten da kirol ikuskizun bat… bizikletez eta itsusiez nazkatuta gaude!».