«Kaleratzeak dira etxebizitza eskubidearen urraketa nagusiak»
Bihar manifestazioa egingo dute Donostiako hainbat elkartek eta eragilek, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Saretxe eta Donostiako Okupazio Bulegoa dira manifestazio deialdira atxikitu diren elkarteetako bi, eta Donostian etxebizitzaren arazoa zenbateraino larria den jakiteko, Jon Basterrarekin, Saretxe Groseko etxebizitzaren aldeko sareko kidearekin, eta Donostiako Okupazio Bulegoko Julen Rodriguezekin hitz egin dugu.
Ezkerrean, Jon Basterra, Saretxeko kidea; eskubitan, Julen Rodriguez, Donostiako Okupazio Bulegoko kidea. (Argazkia: Iñaut Gonzalez de Matauko Rada) Zer dela eta antolatu duzue biharko manifestazioa?
Julen Rodriguez (J.R.): Argi dago Donostian etxebizitza larrialdia dagoela; gainera, datorren krisiak egoera okertuko duela uste dugu. Hau dela eta, talde batzuk elkartu gara eta manifestazioa antolatzea erabaki dugu.
Jon Basterra (J.B.): Julenek esan duen moduan, etxebizitzaren egoera oso larria da Donostian, eta biharkoa inflexio puntua izango den mobilizazioa izatea nahi dugu, Donostia mailako espazio komun artikulatu bat mahai gainean jartzeko. Auzoetatik eta espazio lokaletatik bultzatutako manifestazioa izango da, Donostiako fronte komunean kokatuta.
Zenbateraino da larria egungo etxebizitzaren egoera?
J.B.: Normalean datuetan eta estatistiketan zentratzen gara, baina hortik at gizarte mailan igartzen den arazoa da. Ni Grosekoa naiz, eta nire belaunaldia kaltetuenetariko bat dela uste dut. Jendeak gurasoen etxetik atera behar izan duenean ikusi du ezinezkoa dela bere auzoan bertan bizitzea; hasteko, etxe gutxi daudelako alokairuaren merkatuan, eta dagoena oso garestia delako. Gainera, etxe bat erostea pentsaezina da.
Honek bestelako eragin bat ere badu, gero eta zailagoa baita Gros bizitza garatzeko espazio bat izatea: sare auzotarrak hautsi egin dira gutxinaka. Auzoa eraldatu eta komunitate bat sortu nahi baduzu, jendea behar duzu; eta jendea ez bada auzoan bizi, gerora landu nahi dituzun gauza horiek ezingo dituzu landu, ez baituzu inor izango inguruan.
Horregatik da etxebizitza hain garrantzitsua guretzat, ikusten dugulako bizilagunek ezin dutela auzoan bizi, etxebizitza salerosketarako produktu bihurtu baitute.
J.R.: Elkarrizketa hau irakurtzen duen edonork uste dut badakiela zergatik den larria etxebizitzaren egoera. Donostian, adibidez, 300 eta 500 pertsona artean daude kalean bizitzen, eta milaka etxe huts daude. Desfase honek sufrimendu handia eragiten du, eta horrek jada ematen du motibo bat borrokatzeko eta mobilizatzeko.
Zer dela eta urratzen da etxebizitza eskubidea?
J.B.: Jakitun gara gaur egun merkatuaren logikan kokatzen dela etxebizitza, eta uste dut minimoak eta maximoak finkatu behar ditugula etxebizitza sindikatu moduan. Gure helburu nagusiak etxebizitzaren desmerkantilizazioa izan behar du, baina auzoan hutsik dauden ehundik gora etxebizitzak alokairu sozialera bideratzea ere bada helburu bat.
Gaur egungo egoera, hala ere, hortik urrun dago: etxebizitza salerosketarako produktu izateaz gain, bataz besteko bizi baldintzak dituen jendeak ia ezinezkoa du etxe bat alokatzea hiriaren eremu honetan.
J.R.: Kaleratzeak dira etxebizitza eskubidearen urraketaren erakusgarri nagusia, Infernukoa esaterako. Bestalde, sozialki oso onartuta dago ustez kontzientzia duen jendeak etxeak alokatzea merkatuaren prezioan, «bere prezioa» dela aitzakiatzat jarriz.
Jende asko dago kalean, beste batzuek haien auzoetatik alde egin behar dute, eta egoera horren aurrean antolatzea beharrezkoa dela uste dut.
J.B.: Gauza oso sistematikoa bihurtu da, eta ofentsiba kapitalista honek jopuntuan jarri ditu auzoak eta hiriak. Horrenbeste pisu turistiko egoteak, eta horren ondorioz neguan hainbeste etxe huts egoteak eragin handia du alokairuaren merkatuan.
Zer gertatu da zehazki pisu turistikoen araudiarekin?
J.B.: Donostiako Udalak lehen solairutik gorako etxeetan pisu turistikoak sortzea ahalbidetzen zuen ordenantza bat onartu zuen, eta auzitegi batek bertan behera utzi zuen ordenantza hori, prozeduran akats bat egon zelako; izan ere, ordenantza hori kontraesanean sartzen zen Plan Orokorrarekin.
Bestalde, ikerketa baten ondorioz konturatu ginen ordenantza hori tramitatzeaz arduratu zen pertsonetariko batek pisu turistiko bat zuela lehen pisutik gora, eta ordenantza horrek bere negozioa legeztatzen zuen.
Maiatzaren hasieran kaleratze saiakera bat izan zen Grosen. Zergatik ez zituzten bota?
J.R.: Jendeak aurre egin ziolako poliziari. Kanpoko jendea laguntzera etorri zen planto egitera, eta saretuta dagoen jende horri esker poliziak atzera egin zuen. Bestalde, kaleratze hori ez zen legala.
Kaleratzeen aurrean indar hori izatea da Donostiako Okupazio Bulegoan bilatzen duguna; izan ere, okupazio mugimenduan saretuta ez dagoen jendea ahulagoa da. Gaur egun are gehiago, Desokupa moduko enpresen indartzea dela eta.
J.B.: Julenek esan duen moduan, halako egoerei aurre egiteko giltzarria antolakuntza da. Zergatik ez zen aurrera atera? Jendea saretuta eta antolatuta zegoelako. Egia da kaleratze saiakera hori ilegala zela, baina askotan atera dira aurrera legez kanpoko kaleratzeak.
Kaleratze asko izan dira Donostian?
J.B.: Zaila da Donostiako egoera. Bartzelonako Ravaleko kide batzuekin izan ginen duela bizpahiru aste, eta esan ziguten etxebizitza sindikatua aurkeztu eta gutxira 200 kaleratze kasu zituztela. Han oso ageriko gatazka bat da. Hemen normalean ez ditugu kaleratze formatu klasikoak, non kaleratze judizial bat onartzen den eta poliziak etxetik botatzen zaituen.
Horrek ez du esan nahi hemen jendea kaleratzen ez denik beren auzoetatik; isilpeko erbesteratzea deitu genion guk. Azoraren kasuan ikusten dugu etxe-agentziek jazarpen bidez edo kontratuak ez luzatuz botatzen dituztela maizterrak, presio horren bidez jendeak etsi egiten baitu. Kasu hauek ere kaleratzeak direla sozializatu nahi dugu.
J.R.: Zer esanik ez okupatutako etxebizitzen kasuan. Hauetako batzuek asko gogaitzen dituzte enpresak eta erakunde publikoak, gaur egun Donostiako lur guztia bihurtu delako espekulatzaileentzako gozokia. Hiria zabaltzen ari da, eta horrek ama lurraren suntsipena, komunitateen haustura eta pertsonen kaleratzeak dakartza.
Jonek esan duen moduan, kaleratze hipotekario gutxi izan dira orain arte Donostian, baina jendea kaleratu egiten dute, beste metodo batzuen bidez.
