Santa Klara uharteko 'Hondalea' artelana ikusteko bisitak antolatuko dituzte ekainetik aurrera
Ekainaren 5ean irekiko dute Cristina Iglesiasek Santa Klara uharteko Itsasargiko Etxean egin duen artelana, Hondalea, eta hura ikusteko bisita gidatu eta didaktikoak eskaintzen hasiko da Donostiako Udala, Cristina Enea fundazioak, La Caixa fundazioak eta Caixabankek lagunduta. Iglesiasen artelana ikusteaz gain, inguruko natura eta paisaia ere ezagutu ahal izango da.
Ekainaren 5etik irailaren 30era bisitatu ahal izango da artelana; goizeko 11:00etan izango da lehena, eta orduerdiko maiztasuna izango dute, 19:00etara arte. Talde txikitan izango dira bisitak; alde batetik, esperientzia gertukoagoa izan dadin, eta bestetik, osasun neurriak ondo mantendu ahal izateko. Bisita gidatuak doakoak izango dira, baina Internet bidez eman beharko da izena.
Bisita gidatuak
Urriaren lehenetik 31ra Santa Klara uhartean bisita gidatuak antolatuko dituzte, Hondalea artelana erdigunean jarriz. Kontxako badian itsasaldi iruzkindu bat eginez hasiko da bisita, eta gero artelana bera ikustera joango dira. Ekainaren 5etik aurrera egin ahal izango da erreserba, 30 euroko prezioarekin. Euskaraz eta gazteleraz izango dira; lehenak, 11:00etan hasiko dira, eta bigarrenak, berriz, 16:00etan; bi orduko iraupena izango dute.
Eskola-talde eta talde soziokulturalentzat jarduera didaktikoak egongo dira eskura, irailaren 15etik urriaren 31ra. Cristina Enea fundazioaren eskutik izango dira bisita didaktiko hauek, eta haien webgunean egin daiteke erreserba.