Amaitu da Munduko Curling Txapelketa Oihane Otaegi eta Mikel Unanuerentzat

Astelehenean hasi zuten Oihane Otaegi eta Mikel Unanue Txuri-Berri taldeko curling jokalari donostiarrek Munduko Txapelketa, eta garaipenik gabe itzuliko dira Donostiara. Hogei taldek hartu dute parte txapelketa honetan, eta hamar taldez osatutako bi azpitaldetan aritu dira. Bederatzi partida jokatu dituzte Otaegik eta Unanuek, eta bederatziak galdu dituzte.
Emaitza hauekin, Munduko Txapelketaren bigarren mailara jaitsi dira Estoniarekin batera, eta datorren urtean munduko curlingaren maila gorenera itzultzeko borrokatuko dute. Hala ere, Neguko Olinpiar Jokoetara joateko aukera dute oraindik; izan ere, urte amaieran Olinpiar Aurreko Txapelketa jokatuko dute, eta bertan lehen biak pasako dira Beijingen 2022an egingo diren Neguko Olinpiar Jokoetara.
Otsailean irabazi zuten Otaegik eta Unanuek Espainiako Curling Txapelketa, eta haiekin hitz egin genuen kirol berezi honen inguruan gehiago jakiteko.