Etxebizitzak bizitzeko direla aldarrikatu dute, "eta ez espekulatzeko"

200 pertsonatik gora elkartu dira gaurkoan Grosen, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko mobilizazioan. Donostian “etxebizitza larrialdia bizi dugula” diote manifestazioa antolatu dutenek; izan ere, haien datuen arabera, 90 metro karratuko etxeek 460.000 euro balio dute bataz beste, eta alokatu nahi ezkero, hilabetean gutxienez 1.300 euro ordaindu behar dira. Bestalde, funts putreak eraikin oso batzuk erosten ari direla salatu dute, eta bizilagun asko kaleratzen ari direla gehitu dute: “Grosen Azora, Egian Sareb, Blackstone Benta Berrin… eskrupulorik gabe gure bizilagunen aurka aberastu nahi dute”.
Hala ere, azpimarratu dute etxebizitzaren arazoa ez dela horretara mugatzen: “Ehunka dira kalean bizi diren pertsonak. Erakunde publikoetatik ez da nahikoa egiten egoera tamalgarri eta lotsagarri honi behar bezalako erantzuna emateko. Ez dugu onartzen aberatsez harrotzen den eta miseriari ez ikusiarena egiten dion eredua”.
Bestalde, aipatutako alokairu garesti horiek direla eta, “belaunaldi oso bat” hiritik joatera behartuta daudela adierazi dute: “Jaio eta bizi izan diren auzoetatik kanporatuak dira gazte donostiarrak. Auzo horietako harremanak, bizilagunen arteko sareak eta nortasuna desegiten du honek gutxinaka”.
Arazo hauek pertsonalak edo indibidualak ez direla azpimarratu dute, eta gizarte osoari eragiten dion arazoa dela gehitu dute.
Mobilizazio anitza
Etxebizitzaren gaia jorratzen duten hainbat elkarte batu dira deialdira: Saretxe, Maizterren Sindikatua, BiziLagunEkin, Donostiako Okupazio Bulegoa eta Egia 22, esaterako. Bestelako elkarte eta eragilek ere hartu dute parte manifestazioan: sinikatuak, alderdi politikoak, eragile politikoak eta auzo elkarteak, besteak beste.