"Museoak, eta kultura orokorrean, seguruak dira"
Museoen Nazioarteko Eguna izan zen joan den asteartean, eta Euskal Itsas Museoko Aitor Buitronekin hitz egin dugu duten eskaintzari buruz eta egun berezi honi buruz gehiago jakiteko.

Zer eskaintza duzue zuen museoan egun berezi honen harira?
Eskaintza zabala jarri dugu eskura gure museoan, eta gaurtik datorren larunbatera arte luzatzen da. Egutegi berezi honetan, helduentzat, gazteentzat eta haurrentzat prestatu ditugu edukiak.
Zer jarduera edo esposizio dituzue?
Une honetan Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat esposizioa dugu, eta XIX. mendeko euskal migrazioa eta gaur egungo migrazioak parez-pare jartzen ditu, gaur egungo prozesu migratorioak hobeto ezagutarazteko. Bestalde, gazteenak migrazioen errealitatera hurbiltzeko Leo eta Dinaren odisea izeneko jarduera ludikoa daukagu. Espazio berritzaile bat da, eta era ludiko batean gazteek haien kabuz ezagutzen dute migratzaileen errealitatea.
Gaur arratsaldeko 17:00etan, museoko bitartekarien eskutik, Leo eta Dinaren odisea jarduera egingo dugu, 8 urtetik gorako gazteentzat.
Hurrengo egunetan zer egingo duzue?
Datorren larunbatean, maiatzak 29, Leopoldina Rosaren erakusketaz gain bertso saio bat egingo dugu, Bertsoak Museoan izenekoa. Amets Arzallus eta Jon Maia arituko dira, eta gai jartzailea gure museoko zuzendari zientifikoa izango da, Xabier Alberdi; XIX. mendeko eta gaur egungo prozesu migratzaileak parez-pare jartzen saiatuko da Alberdi. 17:30ean izango da, eta erreserbatu egin beharko da eta bost euroko prezioa izango du; komunikazioa@itsasmuseoa.eus postaren edo 943430051 telefonoaren bidez eskatu beharko da lekua.
Zer da zuentzat Museoen Nazioarteko Eguna?
Egun honek urtero gai bat jorratzen du, eta aurtengoa museoen etorkizunari buruz eta hauen berreskurapenaren inguruan izango da, eta guretzat egoerari buelta emateko aukera egokia da, bizi dugun testuingurua ikusita. Bestalde, jendea gerturatzeko eta gure laguna ezagutarazteko ere balio digu.
Zer esango zenioke leku itxi batera joatea beldur dion pertsona bati?
Ulergarria da beldur izatea, baina jendeak jakin dezala gure museoa eta gainontzekoak, eta kultura orokorrean, segurua dela, jende askok egiten baitu lan hala izan dadin, eta guregana gerturatzera gonbidatzen ditugu.