Donostiako udalbatzaren gehiengoak Altzako alkateordetzako pintaketak gaitzetsi ditu
Donostiako Udalak astelehenean Altzako alkateordetzan agertutako pintaketak gaitzesteko erakunde adierazpena plazaratu du, udal talde gehienen babesarekin. Hain zuzen, EAJk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Donostiak gaitzespenaren alde bozkatu dute, eta EH Bilduk aurka. Pintaketetan, ETA zenaren aldeko mezuak eta Ertzaintzaren aurkakoak irakur zitezkeen, besteak beste.
Adierazpenean, pintaketak “onartezinak” direla nabarmendu dute udal taldeek, eta honakoa adierazi dute: “Udal egoitza baten aurkako eraso justifikaezinari gaitzespenik irmoena. Egoitzan agertutako pintaketa horiek ez dira inolaz ere adierapen politikoa egiteko medioa, ezta bizikidetzan sakontzen lagunduko duen mezua ere. Elkartasuna adierazten diegu eguneko Altzako egoitzara Ekialdeko Barrutiko auzotarrei zerbitzuak ematera lanera joaten diren zerbitzu publiko guztietako langileei. Baita pintaketa horiek direla eta zuzenean erasotuak sentitu diren pertsona guztiei ere. Elkarrizketa, ezberdinen arteko errespetua, bizikidetza, bakea eta askatasunaren balio gorenekiko dugun konpromisoa berresten dugu”.