Harizti bat suntsitzen ari dira Astigarragaren eta 27 industrialdearen arteko errepide berriaren lanetan
Joan den astean hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak Astigarraga eta 27 industrialdea lotuko dituen errepide berria eraikitzeko lanak, eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Itsas Enara Ornitologia Elkarteak harizti bat suntsitzen ari direla salatu dute, Antondegi inguruan. Suntsitzen ari direna Donostia inguruan geratzen den harizti gutxienetako bat dela salatu dute, eta haritzek 80 urte inguru dituztela gehitu dute. Zuhaitz hauekin batera, lizarrak, gereziondoak eta zumarrak ere moztu dituzte, eta animaliak ugaltzen ari diren unean mozten ari direla gehitu dute.
Bi elkarteen arabera, zeuden haritzak “biodibertsitatearen ikuspuntutik oso baliotsuak ziren”, fauna anitza izatea ahalbidetzen zutelako. Antondegik Donostiaren gerriko berdean garrantzia handia duela aldarrikatu dute elkarte biek, eta errepide berriak Antondegiren eta Lau Haizetaren arteko lotura naturala zailtzen duela azpimarratu dute.
“Triskantza” eginda dagoela diote, baina egoera leundu dezaketela adierazi dute, Antondegi eta Lau Haizetaren arteko komunikazioa hobetzeko fauna pasabideak ezarriz. Azken urteetan Donostiako gerriko berdea kaltetzen ari diren proiektu asko onartu direla adierazi dute, eta erakunde publikoek sustatu egiten dituztela gehitu dute, galarazi beharrean.