Loiolaren ostean, Altza apaintzeari ekingo diote
2019. urtean Loiola Apain izeneko hiri arte topaketak egin zituzten, eta auzoko hainbat pareta margotu zituzten Euskal Herriko eta munduko artista batzuek. Donostiako Udalak esperientzia hau arrakastatsua izan dela adierazi du, eta Altzan probatuko dute udazken honetan, Altza Apain izeneko topaketetan. Irailaren 27tik urriaren 3ra bitartean egingo da esku hartze artistiko hau, eta duen arrakastaren arabera beste auzo batzuetara eramango dute egitasmoa.
Oraindik ez dute adierazi guztira zenbat hormatan egingo dituzten margoketak; izan ere, artista guztiak ez dituzte lotu oraindik, eta artista bakoitzak duen teknika eta lan egiteko moduaren arabera moldatuko dituzte. 7 eta 15 horma inguru dituzte baieztatuta, eta oraingoz Iñaki Martiarena Mattin ilustratzailea da konfirmatu duten artista bakarra.
Esku hartzeentzako hormak
Horma publiko zein pribatuak erabiliko dituzte margotzeko; izan ere, Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziaren hitzen arabera, Loiola Apainek izan duen arrakasta ikusita, bizilagunen komunitate askok esakini dituzte haien fatxadak esku hartzeak egiteko.
Proiektuaren xehetasunak
Udazken honetan egingo den egitasmo hau Casares-Tomasene Kultur Etxeak koordinatuko du, eta hormak margotzetik harago joango da. Hainbat hitzaldi eta tailer egingo dituzte egun horietan, eta egitasmoa amaitzeko musika urbanoko kontzertu bat egingo dute Intxaurrondo Kultur Etxean.
Donostia Apain
Eraikinen margoketa hauek ez dira Loiola eta Altzara mugatuko, eta beste auzo batzuetan antzeko egitasmoak egiteko asmoa adierazi dute Insaustik eta Jon Aizpuruak, Kultur Ekintzako zuzendari teknikoak: “Datozen urteetan artista muralgileen topaketak antolatuko ditugu, eta edizio berri bakoitza auzo ezberdin batean egingo da”.