Masoien omenezko Loiolako Erriberako eskultura dohaintzan jaso du udalak
Loiolako Erriberako Argi baten memoria eskultura Donostiako Udalarena izango da aurrerantzean, Tokiko Gobernu Batzordeak Altuna Berri Kultur Elkarteak egindako dohaintza onartu baitu. Elkarte horrek 2018an jarri zuen aipatu eskultura Loiolako Erriberako Oroimenaren Lorategian, frankismoko errepresaliatu masoien omenez, eta, bereziki, Donostiako hamabost zenbakidun Altuna logiako kide donostiarren omenez. Altuna Berri Kultur Elkartea logia horren ondorengoa da.
Orain, elkarte horrek udalari dohaintzan eman dio, eta Eneko Goia alkateak azaldu du Tokiko Gobernu Batzordeak “udalaren kultur ondarea aberasten duelako eta, aldi berean, giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten pertsonen oroimenean ikur bat finkatzen duelako” onartu duela.
Masoiak hirian
Aipatu logia 1932tik 1936ra existitu zen Donostian, baina tropa frankistak hirian sartzearekin batera, kideak diktadorearen jazarpena jasaten hasi ziren. Jose Miguel Utande eskultoreak egin zuen Oroimenaren Lorategiko obra, eta masoneria liberaleko hiru postulatuak irudikatzen dituen triangelu aldeberdina islatzen du, goitik begiratuta infinituaren ikurra ikusten delarik. Eskulturatik tiraka, hedabide honek masoiek Donostian izandako presentziaren inguruko erreportajea argitaratu zuen 2019ko martxoan, Atzera Begira atalean.