Langileek ere euskal presoen auziarekin bukatzeko bidearen parte izan nahi dutela aldarrikatu du gehiengo sindikalak
Euskal Herriko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE) eta Sarek agerraldi publikoa egin dute gaur Saguesen, eta sindikatuek Izan Bidea dinamikarekin bat egin dute: “Herriz herri garatzen ari den dinamika hau lantokietara ere eraman nahi dugu, langileok ere hasitako bide honi gure hauspoa eman diezaiogun. Izan ere, gaur hemen batu garen sindikatuok denbora daramagu salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatzen”, adierazi dute.
Azken hilabeteotan Espainiako Gobernuak abiatu duen presoak gerturatzeko kanpainari erreferentzia eginez, espetxe politika aldatzeko bidea “hasia” dagoela aitortu dute, baina bidea egiten jarraitu behar dela azpimarratu dute: “Aldaketa horiek, ordea, jendartearen aktibazioari eta alderdi, sindikatu eta erakundeen akordio eta batasunari esker abiatu dira, eta bide hori garatzen jarraitzea ezinbestekoa dela uste dugu, urrunketarekin eta gradu progresioaren blokeoarekin amaitzeko”.
Horregatik, “elkarlan eta aktibazio hori lantokietara eramateko”, iragarri dute ostiralean, hilaren 28an (11:00etan), Beasaingo amiantoaren biktimen omenezko monolitoaren plazan presoen egoeraren inguruko hitzaldia antolatu dutela: “CAF enpresan aspaldian hasia duten dinamikara batuz, Joseba Azkarraga eta CAFeko kide baten parte hartzearekin, presoen egoeraren eta hasitako bidearen inguruko hitzaldia antolatu dugu, lan eremutik egin daitekeen ekarpenaz hausnartzeko”. Horretaz gain, azaldu dute ekainaren 4an, 11:30ean, Saguestik abiatuko den mobilizazioa egingo dutela: “Langile eta herritarrei parte hartzeko deia luzatzen diegu. Denok izan behar dugulako bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiekin, etxera bueltako errepide bilaka daitezen”.