'Hondalea' artelanaren kudeaketak ingurune naturalari kalte egiten diola eta turistifikazioa bultzatzen duela salatu dute
Esparru ezberdinetako hainbat elkarte Hondalea Santa Klara uharteko artelanaren kudeaketarekin kritiko agertu dira BiziLagunEkin plataforma, Haritzalde naturzale elkartea, Eguzki talde ekologista eta Parkea Bizirik. Izan ere, haien ustez kudeaketak ez ditu sahiesten natura ingurunearen kaltetzea eta turistifikazioa: “Ekainaren 5ean izango da artelanaren irekiera publikoa, eta une hori mugarri bilakatuko da uharteko eta hiriko ekosistema soziokulturalean, herritarren iruditegian horrenbesteko balioa duen espazio hau behin betiko eraldatuz”, diote.
Egoera halakoa izango zela jakitun zirela adierazi dute elkarteek, eta horri aurre egiteko laguntzeko borondatea azaldu dutela beti. Honen aurrean, proiektuaren garatzaileek eta Donostiako Udalak larritasun hau partekatzen dutela esan diete elkarteei, baina “kontsultara” mugatu direla azpimarratu dute elkarteek. Hala ere, Donostiako Udala haiekin harremanetan jarri izana positiboki baloratu dute: “Izandako hartu-emana jarrera adeitsuz eta elkar-entzute ariketa bezala gauzatu da”, diote.
Hala ere, “masifikazioa ekiditea helburu zuten hartu-eman” hauen emaitza ez dela espero zuten modukoa izan diote, eta kudeaketa eredua arrazoi hauengatik kritikatu dute:
1. Planteamenduan edukierari dagozkion baldintza eta mugak, orokorrean, uhartearen babeserako onargarriak dirudite: ez da uharteko ordutegia luzatuko; txalupen maiztasuna ez da handituko; itsasargiak, eguneko 250 bisitari jasoko ditu gehienez… Dena den, anbiguotasunerako eta salbuespenerako tarte handiegia azaltzen du, aurkeztu zaigun dokumentuak: eguraldiaren arabera luzatu daitekeen egutegia, kasuan kasu aztertuko diren uhartea eta arte-lanaren “erabilera berezietarako” baimenak… Uko egin zaio beraz, kudeaketa irizpide zehatz eta irmoak ezartzeari. Gainera, adierazitakoarekin kontraesanean, urrian ere bisitaldiak antolatuko direla jakinarazi dute, jada.
2. Proposamenak ez du inolako legezko euskarririk. Ez da administrazio mailako araudi forma jakin baten bidez egikaritu. Hau da, ez da inolako legezko bermerik ematen idatziz jasotakoa errespetatu eta betearazteko.
3. Epe laburreko ikuspegia gailentzen da. Proposamenak 2021 urterako kudeaketa irizpideak baino ez ditu ezartzen, aurrera begira, ziurgabetasuna iradokiz. Kontuan izanik 2021ean COVID-19aren pandemiaren eraginak nabarmenak direla, eta besteak beste, turismo jarduera beste urte batzuetan baino mugatuagoa izan daitekeela, baliteke, hurrengo urteetan ezarritako baldintza eta mugen malgutze bat ematea eta kudeaketa irizpideak aldatzea; masifikazio eta gain- esplotazio arriskuak hor dirau, beraz.
4. Ez da itsasargirako eta uharterako onartutako erabilerei buruzko inolako argibide zehatzik ematen. Ordea, ekitaldi bereziak hartzeko aukerari edota bisita bereziei ateak irekitzen zaizkie. Hortaz, aurrera begira, ez zaizkio jarduera pribatibo, esklusibo eta baztertzaileak onartzeari ateak ixten, hala nola, enpresa pribatuen ekitaldiak edo VIP bisitak.
5. Hiriaren turistifikazioan sakontzeko helburuari eusten zaio. Izan ere, Hondalea, “Donostia nazioartean posizionatzeko baliagarria izango den ekimen artistiko berria” bezala aurkeztu du Donostia Turismoak 2021eko apirilaren 14an antolatutako jardunaldian. Gainera, itsasargia eta uhartea, produktu turistiko bilakatu dituzte jada, badiako itsasontzi itzulia, uhartea eta Hondalea bisita gidatu berean ezagutzeko aukera eskainiz (urrirako iragarritako bisitek 30€ko prezioa izango dute).
6. Uhartea eta Hondalea, hiri-markaren nazioartekotzea sendotzeko mugarri modura baliatzeko nahia erakutsi du Udalak, orain arte egindako adierazpen publikoetan. Hortaz, arte-lana, hiriaren erakarpen efektua handitzeko baliabide bilakatuko da, turistifikazio arriskua areagotuz.
7. Uhartea balio natural handiko espazio preziatu bezain hauskorra da, hainbat animali eta landare espezie esanguratsuen bizitokia izanik. Hondalea dela eta, uhartean gauzatu diren esku-hartzeek eta etorkizunera begira gerta daitezkeen gehiegikeriek arriskuan jartzen dute gunea, azaldu bezala, hartutako konpromezuek ez baitute behar besteko zehaztasunik.
Azkenik, Santa Klara uhartearen eta Igeldoren arteko itsasartea Natura 2000 Sarearen baita barneratua izateko tramitazioari ekiteko eskaera egin diete erakunde publikoei.