Kutxa Bira larunbatean helduko da Donostiara
Kutxa Bira. Euskal Herriko eta euskal diasporako hainbat herritatik pasa ondoren, Kutxa Bira Donostiara helduko da larunbatean, hilaren 29an. Iparra Hegoa euskal kultur erakundeak antolatutako egitasmoa da Kutxa Bira, eta euskararen aldeko ekitaldi batzuk –Korrika, Herri Urrats, Nafarroaren eguna, Durangoko azoka, eta abar– bertan behera geratzearen “galera emozionalak” konpentsatzea du helburu. Argentinako Carmen de Patagones hirian abiatu zuen ibilbidea martxoaren 20an, eta diasporako hainbat herritatik ibili ondoren, apirilaren 1ean sartu zen Euskal Herrian, Baionatik.
Euskal errepublikaren aldeko Ehun taldeari egokitu zaio Donostian Kutxa Biraren ardura hartzea, eta bizikletan egingo dute ibilbidea. Hain zuzen, 11:00etan sartuko da Kutxa Bira Donostiara, Antiguatik. Amararako bidea hartuko dute, eta 11:45ean helduko dira hara. Ondoren, 11:55ean Amara Berrira iritsiko dira, 12:10ean Loiolara, 12:25ean Egiara, 13:10ean Grosera eta 13:25ean Parte Zaharrera. Horrela, 13:30ean Bulebarreko kioskoan elkartuko dira, eta amaiera emango diote egitasmoari.
Aurreko egunean, hilaren 28an, Igeldotik ibiliko da Kutxa Bira, eta pilota partidak, kontzetuak eta dantza emanaldiak egingo dituzte 18:30etan. Bestalde, larunbatean bertan, hainbat jarduera egingo dituzte hiriko auzo batzuetan. Antiguan, Kutxa Birari harrera egingo dio Antiguotarrak elkarteak Txalupagillene plazan, 10:30etik 11:00etara. Ondoren, 11:10ean, Metroaren aurkako ekintza egingo dute Benta Berri plazan, 11:15ean etxebizitza eskubidearen aldekoa Gaskonia plazan eta 11:30ean euskal presoen aldekoa Antiguako tunelean. Bestalde, Loiolako Latsarien plazan hamaiketakoa egingo dute, 12:10ean. Egian, auzoko eragileak 12:00etan elkartuko dira Plaza Haundin, eta 12:25ean harrera egingo diote Kutxa Birari. Era berean, Bulebarreko kioskoan musika egongo da 12:00etatik aurrera, Bassagain soinu sistemaren eskutik. 12:45etik 13:15era dantza emanaldia egingo dute, eta 13:30ean Kutxa Birari harrera.

