Miguel Angel Moyak Reala utzi du
Miguel Angel Moyak eta Realak duten kontratua amaitzear da, eta taldeak eta atezainak luzatuko ez dutela adierazi dute. Hala, Moya aske geratuko da, eta nahi duen taldearekin fitxatzeko aukera izango du.
2018ko otsailean iritsi zen Moya Realera Atletico Madriletik, Geronimo Rulli orduko atezain txuri-urdinaren lesioa zela eta. Neguko merkatua amaitua zen jada, baina Rulliren lesioak Moya fitxatzea ahalbidetu zion Realari. Hiru urte hauetan etapa ezberdinak izan ditu Moyak Realean, baina aulkian egotea kiroltasunez onartu du; 37 partida jokatu ditu denera txuri-urdin gisa.
Esperientzia handiko atezaina zen Realera iritsi zenean, eta zelaitik kanpo onura asko ekarri zizkion taldeari, giro ona izateko, baita gazteenak ondo gidatzeko ere. Donostian eman dituen hiru urte hauetan euskara ikasten ibili da Moya, eta kameren aurrean hitz egin izan du euskaraz. Bestalde, azken Euskaraldian ere hartu zuen parte atezainak.
Feliz de colaborar en una campaña tan bonita como el @euskaraldia. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan ? pic.twitter.com/3GJ4KgMShB
— Miguel Ángel Moyá (@M_A_Moya) November 20, 2020