Abian da Intxaurrondoko Gabriel Celaya plazako Dbiziren geltokia
Intxaurrondok Dbiziren beste geltoki bat du gaurtik aurrera, abian baita dagoeneko Gabriel Celaya plazan jarri duten geltokia. Morlansko Leire plazan zegoen geltokia da orain Gabriel Celaya plazan dagoena, Morlansen zuen erabilera urria dela eta, Intxaurrondora lekualdatu baitu Dbizik. Horrela, Intxaurrondok bi geltoki izango ditu aurrerantzean: gaur abiarazi dutena eta Sagastieder plazakoa.
Izan ere, udalaren arabera, Morlansko geltokiak dira hirian gutxien erabiltzen direnak, eta eskaria ikusita, bat uztearekin nahikoa izango dela deritzote. “Morlansko geltokien arteko distantzia 170 metrokoa da, eta oinez bete daiteke”, gaineratu du udalak. Horrela, “hiriko beste leku batzuetan dituen beharrak kontuan hartuta”, erabaki dute Morlansen zegoen geltokia Intxaurrondora eramatea.