Sinadura bilketa abiatu dute, Antondegiko surf parkearen proiektua geldiarazteko
Antondegi Berdea plataformak sinadura bilketa bat abiatu du, Donostiako Udalari eskatzeko Antondegi gainako surf parkearen proiektua gelditu dezan. Surfaren munduko, ingurumen arloko eta gizarte arloko hainbat eragilek -Surfrider, Eguzki, Fridays For Future, Haritzalde, Parkea Bizirik, Bizilagunekin eta Itsas Enara, Greenpeacen, Surf & Nature Allianceren etan SEO Birdliferen babesarekin- osatzen dute Antondegi Berdea plataforma, eta olatu artifizialen parkearen aurkako hainbat argudio eman dituzte, surfaren zein ingurumenaren ikuspuntutik. Argudio horietan oinarrituta abiatu dute sinadura bilketa, eta Change.org atarian sinatu daiteke. Era berean, plataformaren webgune propioa sortu dute, eta surf parkearen proiektuaren nondik norakoak azaltzen dituen bideo bat argitaratu dute.
Sinadurekin, udaleko ordezkari politikoak interpelatu nahi dituzte zuzenean, “eztabaida publikoa saihesten ari direlako, beren marfilezko dorrean konfinatuta daudelako, ez dutelako aurpegia ematen komunikabideetan, eta uko egiten diotelako iritzi publikoa informatzeari”. Era berean, udalak proiektua gelditzeko ahalmena duela azpimarratu dute: “Erantzukizuna udalaren teilatu gainean dago. Udala da proiektua aurrera ateratzeko lurzoruak birkalifikatu beharko lituzkeena, Antondegin olatu artifizialen azpiegitura eraikitzeko baimena emateko. Eta, beraz, Donostiako Udala da plaza publikoan azalpenak eman behar dituena”. Zera gaineratu dute: “Azpimarratu behar da, baita ere, gero udalak lehiaketa publiko bat antolatu beharko lukeela. Ondoren ezagutuko genuke zein litzatekeen enpresa irabazlea. Eta horregatik, harrigarria da udalak eztabaida publikoa saihestu nahi izatea eta proiektuan interesa eta irabazi asmo zuzena duen enpresa bat izatea proiektua berea balitz bezala defendatzen ari dena komunikabideetan”.
Jabi Iraizozek, plataformarekin bat egin duen surflarietako batek, udalaren jarrera kritikatu du, baita ere: “Uste dugu kasu honetan gauzak ez direla hasieratik ondo bideratu, informazio faltagatik eta proiektua inposatu nahi izateagatik. Antondegiko prozesuan funtsezkoak diren kolektiboak kontuan hartu gabe, zaindu beharreko gure gune berde aberatsean. Prozesu honek luze joko du eta ez dugu atzera egingo”. Era berean, iragarri dute ekainaren 10ean gaiari buruzko hitzaldi informatiboa eskainiko dutela Okendo Kultur Etxean.