Añorgan euskaraz bizitzen jarraitu nahi dute
Donostiako Udalak 248 etxebizitza eraiki nahi ditu Añorgako pabiloien eremuan, eta auzoko hainbat eragilek uste dute horrek bertako errealitate soziolinguistikoan kalteak eragin ditzakeela.
Añorgako bizilagun ugari Amassorrain ikastetxeko jolastokian elkartu ziren pasa den ostiralean, Añorgan euskaraz bizi nahi dugu! lelopean. Horrela, eskolako guraso elkarteak udaletxean aurkeztutako alegazioa babestu nahi izan zuten, udalari eskatzeko ondo aztertu ditzala Añorga Txikin garatu nahi duen hirigintza proiektuak auzoko euskararen erabileran izan dezakeen eragina eta ondorioak.
Izan ere, udalak otsailean onartu zuen Añorgako Geltokia azpieremuko plan berezia, Añorga Txikiko pabiloien eremuan (Firestone lantegi berreskuratua dagoen tokian) 248 etxebizitza eraikitzeko. Amassorrain ikastetxeko guraso elkarteak salatu du horrek “hizkuntza inpaktu esanguratsu eta larria” izango duela auzoan, eta auzoko beste hamar eragilek babestu dute: Añorgatxikitarrak auzo elkarteak, Gorga mintegiak, Amassorrain ikastetxeko euskara batzordeak, Añorgako Sortuk, Cementos Rezolako langile batzordeak (ELA eta LAB), Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteak, Añorgako euskara batzordeak, Lugaritz elkarteak eta Añorgako gazte asanbladak, hain zuzen. “Proiektuak Añorgako euskara erabileran izan dezakeen eraginak kezkatzen gaitu, gurea oso auzo euskalduna eta aktiboa baita”, adierazi dio guraso elkarteak hedabide honi.
EAEko Toki Erakundeen 2/2016 Legeak dio tokiko erakundeen egitekoa dela edozein hirigintza plan edo proiektu garatu aurretik egitasmoak bere inguruko euskararen erabileraren normalizazioan izan dezakeen eragina aztertzea, eta, beharrezkoa balitz, neurriak proposatzea. Horretarako, Eragin Linguistikoen Ebaluazioaren lehen fasean, Irismen Dokumentua egin behar dute erakundeek. Dokumentuak ondorioztatzen badu proiektuak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela tokiko egora soziolinguistikoan, Hizkuntza Inpaktuaren Azterketa sakona egin behar da, proiektua kalterik sortu gabe garatzerako hartu beharreko neurriak zehazteko. Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, 2021eko otsailaren 4an argitaratu zuen Añorga Txikiko pabiloietako hirigintza proiektuaren Irismen Dokumentua, baina Donostia osoko euskararen erabileraren datuak hartu zituen aintzat. Horrela, dokumentu horrek zehazten du ez dela beharrezkoa Hizkuntza Inpaktuaren Azterketa egitea. Ordea, Añorgako euskararen ezagutza Donostia osokoa baino nabarmen handiagoa da: hiri osoko datuak aintzat hartuta, biztanleen %46,01ek dakite euskaraz; Añorgan aldiz, herritarren %60,95ek dakite euskaraz, eta %46,01ek hiri osoan.
Horregatik, guraso elkarteak eta gainontzeko eragileek, alegazioaren bitartez, aipatu Irismen Dokumentua baztertzeko eta soilik Añorgako datuak aintzat hartuko dituen beste bat egiteko eskatu diote udalari; “ez delako gauza bera horrelako proiektu bat Añorgan garatzea, edo, esaterako, gaur egungo Altzan”. Guraso elkartearen ustez, dokumentu horrek ondorioztatuko luke Hizkuntza Inpaktuaren Azterketa egin behar dela, hartu beharreko neurriak zehazteko. Ildo beretik, azaldu dute EHUko ikasle batek auziari buruzko graduondoko lana egin duela, eta ondorioztatu duela egitasmoak inpaktu linguistiko «larria» izango lukeela, dokumentuaren eremu soziolinguistikoa Añorga auzoa izango balitz.
Auzoko biztanleria asko haziko da
Añorgan 2.247 lagun bizi dira gaur egun, eta udalaren datuen arabera, beste 637 bizilagun inguru izango ditu auzoak pabiloietako proiektua amaitzean, hau da, %28 haziko da populazioa. “Irismen Dokumentuak ez du horri modu jasangarrian aurre egiteko eta bizilagun berrien integrazioa egokia izan dadin proposamenik egin”. Era berean, gogoratu dute Atotxa Errekako etxebizitza berriak direla eta, Añorgako biztanleria dagoeneko hazten hasi dela, eta datozen urteetan gehiago haziko dela, udalak Ibaeta eta Añorga lotzeko duen proiektuarekin.
Horregatik, guraso elkartearen ustez, “hori ondo aztertu behar da. Ez soilik hizkuntzaren aldetik izan ditzakeen ondorioengatik, baita ere, ikastolak, esaterako, baliabide gehiago beharko dituelako”.
Neurri zuzentzaileak eta elkarlanerako gonbita Udalari
Aurkeztutako alegazioan, hezkuntzari lotutako neurri zehatzez gain, beste neurri zuzentzaile jakin batzuk identifikatu eta proposatu dituzte auzorako, hala nola, harrera planak, kultura eta aisialdirako proposamenak, arlo sozioekonomikoari dagozkionak eta hedabideei eta administrazioari lotutakoak, besteak beste. Añorgako auzoan parte-hartze dinamikak bultzatzeko aukera luzatu diote udalari eta herritarrekin batera oraindik gaiari “irtenbide egokia” emateko aukera badagoela adierazi dute. Helburua argia dute: “Añorgan, euskaraz bizi nahi dugu!”.