Behin-behineko bidegorria eta aparkalekuak jarri dituzte San Martin kalean
Joan den asteburutik erabilgarri dago San Martin kaleko behin-behineko bidegorria, eta egoiliarren bederatzi autoentzat eta motorrentzat aparkalekuak jarri dituzte; Kalapie elkartea kritiko agertu da kale honen morfologia berria dela eta.
San Martin kaleko behin-behineko bidegorria joan den astean ireki zuten, Hondarribia kalearen eta Foruen pasealekuaren artean. Errepideak lehen zituen hiru erreietako bat hartu du bidegorriak, eta beste aldean zortzi autorentzako, motorrentzako eta elbarrituentzako aparkalekuak jarri dituzte. Hala, autoentzat errai bakarra egongo da San Martin kalean, erdikoa. Bestalde, bidegorria kalearen alde batetik bestera aldatzen da Artzain Onaren katedralaren ostean, kalearen aurreko zatia oinezkoentzat delako.
Bidegorri berriak 2,2 metroko zabalera du, eta eskuinean autoen erraila duenez, zutabe berde batzuen bidez bereiztu dute, istripuak ekiditeko.
Hala ere, bidegorria laster luzeagoa izango da; izan ere, ekainaren lehenean irekiko dute Urbieta eta Hondarribia kaleen arteko bidegorriaren zati berria, joan den astean estreinatu zutenarekin lotuko dena. Zati hau Artzain Onaren katedralaren espaloi ondotik joango da, eta Hondarribia kalea pasata beste aldera igaroko da.
Dena den, bidegorriaren zati honen etorkizuna ez dago guztiz garbi; izan ere, Donostiako Metroaren lanak amaitzen dituztenean, Artzain Onaren parean dagoen San Martin kalearen zatia oinezkoentzat izango da, 2020ko udan adierazi zuten moduan, eta bidegorri bat han egotea ez du garbi ikusten Eneko Goia alkateak: «Ikusi beharko dugu ea etorkizunean posible den Artzain onaren inguruan oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza egoki bat», adierazi zuen Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan.
Bidegorriari kritikak
Eraiki berri duten bidegorriaren, eta orokorrean San Martin kalearen antolaketa berriaren inguruan kritiko agertu dira pertsona eta elkarte batzuk. Kalapie Txirrindularien elkarteak, adibidez, bidegorria estuegia dela adierazi du, eta Gernikako Arbola pasealekuko bidegorriarekin alderatu dute. Izan ere, 1980ko hamarkadan egin zuten pasealeku horretako bidegorria, eta hiru metroko zabalera du. Hau dela eta, Kalapiek adierazi du «onartezina» dela 2021. urtean 1980ko hamarkadan baino bidegorri estuagoak eraikitzea. Egoera hobeto azaltzeko, Loiolako zeharbideko bidegorri berria ere eredu bezala jarri du Kalapiek; izan ere, bidegorri honen zabalera 1,99 metrokoa da, eta bidegorrien gutxiengo zabalera 2,2 metro dira. Kontu honen inguruan galdetu zioten Pilar Arana Mugikortasun zinegotziari apirilaren amaieran, eta Kalapiek egindako neurketa gezurtatu zuen, «gutxieneko zabalera» zuela argudiatuz.
Erdialdearen eraldaketa
Donostiako Erdialdearen egungo mugikortasun ereduari gutxi geratzen zaio, errepideen eta bidegorrien antolaketa guztiz aldatuko baita. Hainbat arrazoirengatik egingo dituzte aldaketa hauek, baina nagusiak bi dira: lehenik eta behin, Donostiako Metroaren etorkizuneko irekierak halabeharrez moldatuko ditu Erdialdeko bideak; bestalde, udalaren azken urteetako politika da Erdialdetik partikularren ibilgailuak atera nahia. Hau dela eta, geroz eta kale gehiago dira autobus eta taxiak bakarrik ibili daitezkeenak.
Aldaketa nagusia San Martin eta Zubieta kaleen noranzko aldaketa izango da. Urte amaieran amaituko dituzte lanak, eta Zubieta kaleak Antigua-Erdialdea noranzkoa hartuko du, eta San Martinek, berriz, Erdialdea-Antigua. Beste kale txiki batzuen noranzkoak ere aldatuko dituzte. Aldaketa honek, halabeharrez, bidegurutze bat eskatzen du bi kaleen artean, eta Eneko Goiak adierazitakoaren arabera, Kontxa pasealekua Zubieta eta San Martin kaleetan banatzen den lekuan X formako bidegurutze bat sortuko dute.
Etorkizunean, San Martin kaleko bidegorria Kontxa pasealekukoarekin lotuko da, mendebaldearen eta ekialdearen arteko lotura egiteko.