Realak laugarren postua segurtatzea bilatuko du Santa Teresaren aurka
Talde donostiarren bi partida baino ez dira izango asteburuan: Realeko neskena eta Bera Berarena.
Denboraldiaren azken txanpan murgilduta daude Realeko neskak, eta laugarren postua segurtatzeko lehia bizian dabiltza, bosgarren sailkatua, Granadilla, bi puntura baitute. Horrela, duela aste batzuk atzeratutako partida jokatuko dute igandean, hilaren 30ean, Santa Teresaren aurka.
Norgehiagoka irabaziz gero, Natalia Arroyoren neskek matematikoki aukerak izango lituzteke oraindik saikapeneko hirugarren postua eskuratzeko. Hala ere, oso zaila dute Levante (hirugarren sailkatua) gainditzea, une honetan hamaika puntu gehiago baitituzte valentziarrek, partida bat gehiagorekin; hau da, igandeko norgehiagoka irabaziz gero, denboraldiari gelditzen zaizkion hiru partidak irabazi beharko lituzke Realak, eta hiruak galdu beharko lituzte Levantek. Horregatik, Arroyoren taldearen helburu nagusia laugarren postua segurtatzea da gaur egun. Santa Teresa bigarren mailara jaisteko postuetan dago, beraz, irabaztera aterako da Realaren aurka, lehenengo mailan gelditzeko helburuarekin. Gainera, emaitza hobeak lortu dituzte etxetik kanpoko partidetan, eta igandeko neurketa Zubietan izango da.
Bestalde, eskubaloian, garrantzia handirik gabeko partida jokatuko du Bera Berak. Liga irabazita eta ospatuta dute dagoeneko donostiarrek, eta Kopatik kanpo gelditu ziren joan den astean. Horrela, Granollersen aurka itxiko dute denboraldia larunbatean, hilaren 29an. Bera Berako jokalariek Ligako garaikurra jasoko dute norgehiagokaren aurretik, eta Granollers irabazten badute, beste partida bat gehituko diote euren menderaezintasun markari. Izan ere, ligako 37 partida daramatzate galdu gabe, 2019ko maiatzaren 24tik. Granollersek ez du ezer jokoan, ezinezkoa baitu dagoeneko Europako postuak eskuratzea.
PARTIDAK:
Futbola:
Emakumezkoen lehen maila, 28. jardunaldia (atzeratua, orain jokatuko da)
Reala – Santa Teresa (igandea, 30, 12:00etan).
Eskubaloia:
Emakumezkoen lehen maila, Ibredrola Ligako 8. jardunaldia
Bera Bera – Granollers (larunbata, 29, 19:00etan).