The English School Intxaurrondora lekualdatuko dute
Donostiako Udalak atzoko udalbatzarrean behin betiko onartu zuen Baratzategiko Hiri Antolamenduko Plan Berezia, The English Schooli Intxaurrondoko Otxoki pasealekuko 10.000 metro karratuko lursail bat 70 urtez uzteko; EAJk, PSE-EEk eta PPk aldeko botoa eman zuten, EH Bildu abstenitu egin zen eta Elkarrekin Donostiak aurkako botoa eman zuen. Jose Elosegi hiribidean dago gaur egun The English School, eta, azaldu dutenez, familien kooperatibak hamar urte baino gehiago daramatzate ikastetxea kokatzeko leku berri baten bila, eta 2019an abiatu zuten Intxaurrondoko kiroldegiaren ondoko udalaren lursailaren lagapena jasotzeko prozesua.
The English Schoolek azaldu duenez, 400 bat ikasle dituzte gaur egun, 2.000 metro karratuko gune batean, eta zailtasunak dituzte denentzako beharrezko zerbitzuak eskaintzeko. Horregatik, Intxaurrondoko lursail berrian ikasleak behar bezala artatuko dituztela nabarmendu dute: “Zentro berriaren proiektua The English Schoolen berezitasunetara eta egungo hezkuntza beharretara egokitzeagatik nabarmentzen da. Bi solairu eta hogei gela baino gehiago izango ditu, haur hezkuntzatik hasi eta batxilergora arte. Espazio horiez gain, balio anitzeko espazio estali bat, patio estaliak, kirolgunea, aire zabaleko berdeguneak, tailerrak, laborategiak, negutegia, gimnasioa, musika aretoak (The English School Musika Eskola Ofiziala), psikomotrizitate gela eta liburutegia izango ditu, besteak beste”.
LKS Krean erakundeko Joxe Oleaga Mendiaratz arkitektoak idatzi du aurreproiektua, eta hezkuntza zentroak laster erregistratuko du udalean, ondorengo exekuzio eta lizitazio proiektua abiarazteko. Lau milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta lanak udan hastea aurreikusten dute. The English Schoolen hitzetan, proiektu honekin, hezkuntza zentroa “XXI. mendeko hezkuntzara jauzi handia egiteko prestatzen ari da, beste 50 urteko bizitzaren aldeko apustua eginez eta hiriari jaio zen karisma familiarra emanez, mundura begira”.