"Zineklubaren parte izango dira ikusleak"
Kresala Zineklubak koronabirusaren pandemiak sortutako zailtasunei aurre egitea lortu du, eta denboraldia ixtear da. Hain zuzen, antolatzaileak hurrengo denboraldira begira jarri dira dagoeneko, ez baita denboraldi arrunt bat izango: zineklubak 50 urte beteko ditu, eta, gainera, hainbat berritasun izango ditu. Ander Gisasola Herce (Zumarraga, 1982) eta Paul Ormaetxea Romay (Urnieta, 1988) arduradunek hurrengo denboraldiko berritasunak azaldu dituzte, eta nabarmendu dute ikusleak "fidelizatu" nahi dituztela.
Ander Gisasola eta Paul Ormaetxea, Kresala Zineklubeko arduradunak. (Argazkia: Beñat Parra) Pandemiak baldintzatutako denboraldia izan da aurtengoa. Nolakoa izan da?
Paul Ormaetxea (P.O.): Urte arraroa izan den moduan, zineklubarentzat denboraldi arraroa izan da.
Ander Gisasola (A.G.): Gauza asko aldatu behar izan ditugu: lehen, eserlekuak libreak ziren eta orain sarrera bakoitzari eserleku jakin bat egokitu behar izan diogu. Internet bidezko sarrera salmenta ere ahalbidetu dugu, esaterako. Azken hori aurrerapauso bat izan da, egia esan, eta luzerako etorri da. Era berean, beldurra galdu diogu nazioarteko zinemagileei eskatzeari graba dezatela bideo bat, proiektatuko diegun filma aurkezteko. Jendeak eskertzen du, gure emanaldirako propio bidalitako bideoak baitira.
P.O.: Egunez ere aldatu behar izan dugu. Lehen astelehenetan egiten genituen proiekzioak, baina orain Trueba zinema aretoa itxita dago astelehenetan, eta saioak astearteetan egiten ditugu. Edukiera erdira murriztu behar izan dugu, baina bueno, orain behintzat beti betetzen da! [barrez].
Jendea ondo egokitu da?
A.G.: Hasieran, zalantzak genituen, ez genekielako jendeak nola hartuko zituen aldaketak, baina ondo egokitu da. Hala ere, badago proiekzioetatik kanpo gelditzen ari den jendea; izan ere, 2019an, batez beste, 109 ikusle izaten genituen proiekzio bakoitzean, eta orain 83 pertsonarentzako lekua daukagu aretoan. Horregatik, eskari handia izan den egunetan Truebako bigarren aretoa alokatu dugu. Denboraldiaren erdian, ordea, jakin genuen 49 urtez jaso dugun diru-laguntza bat aurten ez dugula jasoko, eta, beraz, bigarren aretoa alokatzeari utzi genion. Gaur egun, areto nagusiko eserleku guztiak salduta ere, ia 200 euroko galera daukagu saioko. Azken finean, aretoaren alokairuaren prezioa lehengo bera da eta filmen eskubideengatik ordaintzen duguna ere lehengo diru kopuru bera da; murriztu den gauza bakarra sarrera kopurua da.
P.O.: Proiekzioak egiten jarraitu dugu, baina gogoa genuelako eta jendeak eskertzen duelako.
A.G.: Jarraitu dugu uste dugulako jendeak gaur egun zinema inoiz baino gehiago behar duela, eta Kresala Zineklubaren helburua delako guk proiektatzen dugun zinema desberdin hori jendeari erakustea. Elkarteak bazuen diru kopuru bat aurreztuta, eta horrekin egin dugu aurrera.
Noiz amaituko da denboraldia?
A.G.: Ekainaren 22an. Urteroko legez, ikusleen filmarekin amaituko dugu: gai jakin bati buruzko hiruzpalau film jartzen ditugu aukeran, eta ikusleek erabakitzen dute zein ikusi nahi duten. Aurten, gaia Luis Garcia Berlanga zinemagilearen 100. urteurrena izan da, eta ikusleek Calabuch filma aukeratu dute.
Noiz hasiko da datorren denboraldia?
P.O.: Lehen, Zinemaldiaren ondoren hasten ginen, baina aurten baliteke Zinemaldiaren aurretik hastea, irailaren hasieran.
Berritasunekin zatozte, ezta?
A.G.: Lehenengoa sarreren prezioaren aldaketa da. 2015etik ez dugu ukitu, baina proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko, uste dugu prezioa igo behar dugula. Horrela, sarrera arruntaren prezioa 6 eurokoa izango da irailetik aurrera [5 eurokoa da orain] eta deskontua duten sarreren prezioa 5 eurokoa izango da [4 eurokoa da orain]. Hala ere, hori konpentsatzeko, Kresala Laguna txartela sortu dugu datorren denboraldirako.
Konturatu gara ikusle askok hilabete osoko proiekzioetarako sarrerak erosten dituztela, eta beti eserleku bera aukeratzen dutela. Hori ikusita, astero-astero etortzen diren pertsonek prezioaren igoera hori ez pairatzeko eta ikusleak fidelizatzeko sortu dugu Kresala Laguna txartela. 120 euroko prezioa izango du, eta eskuratzen dutenek denboraldi osoko proiekzioetara joan ahalko dute, eta euren eserleku propioa izango dute. Horretaz gain, txartela eskuratzen dutenek ongietorri oparitxo bat izango dute, urtean zehar hainbat zozketa egingo ditugu Kresala Lagunen artean eta beste elkarte batzuekin elkarlanean antolatzen ditugun jardueretan lehentasunezko sarrera izango dute.
P.O.: Astero datozen ikusleak nolabait saritzeko sortu dugu, ez genuelako nahi prezioaren igoerak beraiei eragitea. Beraientzako ere erosoagoa da txartelarekin etortzea, ez dutelako astero sarrerak erostera etorri behar. Gainera, joaterik ez dutenean, beste norbaiti txartela utzi ahal diote.
A.G.: Bestalde, badaude astero-astero etortzen ez badira ere, asko etortzen diren ikusleak. Horientzat, beste Kresala Lagun txartela mota bat sortu dugu. 10 euroko prezioa izango du, eta txarteleko kodearekin, sarreretan euro bateko deskontua izango dute Kresala Lagunek. Horrela, nolabait Kresala Zineklubaren parte izango dira ikusleak.

Kresala Laguna txartelak izango dira datorren denboraldiko berritasun nagusia. (Argazkia: Beñat Parra)Beñat Parra
2019an zinekluben topaketa bat antolatu zenuten. Fruituak eman ditu?
A.G.: Topaketa horri esker, Kresala Zinekluba orain Nazioarteko Zinekluben Federazioaren parte da. Horrela, Mexiko Hiriak Iberoamerikako Kulturaren Hiriburutza dauka aurten, eta zinema solasaldi batzuk antolatu dituzte. Nazioarteko Zinekluben Federazioaren parte izateari esker, guk solasaldi horietan parte hartuko dugu gaur: Maier Irigoienen, Iker Oizez eta Isabel Saezen Zauria(k) euskal filma proiektatuko dute, eta guk gidatuko dugu ondorengo solasaldia.
Horrez gain, topaketan ondorioztatu genuen Euskal Herriko zinekluben arteko elkarlana abiatu behar genuela. Ildo horretatik, Nazioarteko Zinekluben Federazioaren Kixote Sarien eredua jarraituz, K Sariak sortu ditugu. Horrela, datorren denboraldian, hainbat zineklubetako kideek osatutako epaimahai bana egongo da Gipuzkoako film laburren zinema jaialdietan, bakoitzeko film onenari K saria emateko. Ondoren, film sarituak epaimahaietan parte hartuko duten zineklubetan proiektatuko dira.
P.O.: Asmoa da K sariak urtez urte zabaltzen joatea, Euskal Herri osora eramateko.
Azken urteotan egin duzuen moduan, datorren denboraldian atzera begirako bat egingo duzue?
A.G.: Bai. Robert Bressonen ingurukoa.
P.O.: Hilabetean behin Bressonen film bat proiektatuko dugu. Azken bi urteotan egin ditugun atzera begirakoak jendeari gustatu zaizkio, eta hau ere gustatzea espero dugu.
Zineklubak 50. urte beteko ditu.
A.G.: 2022an beteko ditugu 50 urte. Kresala Zineklubak 1972ko urriaren 19an proiektatu zuen lehenengo aldiz film bat, eta Luis Buñuelen Ensayo de un crimen filma izan zen. Kasualitatez, Donostia Kulturaren Nosferatu zikloak Buñuel omentzen du, eta ekainaren 2an Ensayo de un crimen proiektatuko dute Tabakaleran. Donostia Kultura oso abegikorra denez, filma aurkezteko aukera eskaini dio Kresala Zineklubari, 50 urteko ibilbideari nolabaiteko aitorpena egiteko. Zinekluba sortu zutenak bizirik daude oraindik, eta omenaldi modura, beraiek aurkeztuko dute filma. Urteurrenari hasiera emango diogu emanaldi horrekin., baina 2022rako jarduera bereziak prestatzen ari gara, nahiz eta oraindik ezin dugun ezer aurreratu.
