Barandiaran tabernako lanak eten egin dituzte
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak aurkeztutako salaketa baten ondorioz, gelditu egin dituzte Parte Zaharreko Barandiaran taberna zenaren lanak. Ancorak azaldu duenez, hilaren 6an hasi ziren marmolezko estaldura pikatzen, eta egituraren oinarriak agerian utzi zituzten. Horren aurrean, elkarteak salaketa jarri zuen, eta eskatu zuen udaleko hirigintza teknikariak hara joan zitezela, jarduketa horiek legezkoak ziren ala ez ziren egiaztatzeko, Barandiaranen eraikina Parte Zaharreko Monumentu Multzoaren barruan babestuta baitago, eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena behar da lokalean lanak egiteko. Fatxadaren kanpoaldea baimenik gabe suntsitu zutela ikustean, hirigintza zinegotzigoak lanak eteteko agindua eman zuen.
Horrela, Ancorak eskatu du lanen arduradunei –Antonio tabernako arduradunei– dagokien isun ekonomikoa ezartzeko eta “legez kontra” suntsitutakoa berreraikitzeko, elkarte sustatzaileak ordainduta. Momentuz, udalaren ebazpenaren arabera, arduradunek hilabeteko epea izango du egiten ari diren lanekin jarraitzeko beharrezko baimena eskatzeko edo lanak aurretik duten baimenak ezarritako baldintzetara egokitzeko. Baimena eskuratuko ez balute, eraitsitakoa lehengoratzeko aginduko lieke udalak, baita lanek eman ditzaketen erabilerak galarazi ere. Era berean, udalak ohartarazi du lanak eteteko agindua beteko ez balute, hilabetero isun bat jarriko lieteke, eta gertatutakoaren berri emango liokete Fiskaltza Ministerioari.
Elkarteak gogoratu du Barandiaran taberna 1925ean inauguratu zutela, Cafe Paris izenarekin, Gipuzkoako art-decó estiloko establezimendu onena zela. “Suntsiketak agerian uzten du berriz ere udalaren zainketa falta eta hiriko saltoki historikoek duten babes urria”, gaineratu du Ancorak.